Egunotan plazaratu duten ebazpenean, "jarraikako sexu-abusu delitua" leporatzen dio epaileak Gazteluetako maisua izandakoari; "horretarako bere nagusitasunaz baliatu zen", Lamo de Espinosak dioenez. Akusatuak otsailaren 14an aurkeztu beharko du Bizkaiko Lurralde Auzitegian, Bilbon. Horren ostean, epaiketaren data erabakiko dute. Hainbat iturrik adierazi dutenez, 10 urtera arteko espetxe-zigorra eska dezakete ustezko sexu-erasotzailearentzat.
Orain urte batzuk, 2013ko urtarrilean, eman zuen auzia ezagutzera mutikoaren aitak, semeak ustez jasandako abusua hainbat komunikabidetan salatuz; ikastetxeak salaketei erantzun egokia eman ez ziela uste zuen. Horren berbetan, Gazteluetako irakasleetako batek sexu-abusuak egin zizkion mutikoari, hasieran 12 urte zituela, 2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetan. 2011n eduki zuten gurasoek horren berri, gazteak ikastetxera joateari uko egin zionean. Hala ere, familiak salaketarik ez jartzea erabaki zuen, auzia jasateko moduan ez zegoelako. Bada, mutikoak adin-nagusitasuna lortu zuenean, familiak kereila aurkeztu zuen Getxoko epaitegian.