Sabino Arana kalea eraberritzeko proiektuak tranbiaren inguruko eztabaida isiotu du udalerrian. Tranbiaren proiektua geldirik mantentzen du Eusko Jaurlaritzak oraindino; halere, garraio horrek erabiliko lukeen plataforma eta errailak egokituko dituzte laster abiatuko diren lanek; "hala aurreikusten baitu Eusko Trenbide Sareak, eta legeak ere horretara behartzen gaituelako", azaldu du Iban Rodriquez Hirigintzako zinegotziak. "Egin beharreko obra egingo dugu, etorkizunean tranbia egotea aurreikusita dagoelako, eta orduan kalea berriro altxatu behar ez izateko. Etorkizunean halakorik egongo ez balitz, kalea konponduta izango genuke berdin-berdin", gaineratu du zinegotziak.
Tranbia ipintzeko proiektuak herritarrak zatitu ditu: horren aldeko eta kontrako plataforma bana sortu dute. Lehenengoa, aldekoena, sinadurak batzen hasi da Change.org izeneko plataforman; daborduko 500 atxikimendu baino gehiago lortu ditu. Bigarrena, Tranbiarik Ez izenekoa, sinadurak jasotzen dabil egunotan ere. Talde horretako kide Diana Cabrerak azaldu duenez, tranbiaren proiektua "guztiz zentzugabea da". Hori dela eta, batutako sinadura denak Udalari aurkeztuko dizkiote, proiektuaren inguruko herri-galdeketa bat egitea eskatzeko; "orain arte ez diote galdetu herriari hori beharrezkoa ikusten dugun edo ez".
Bere aldetik, Hirigintzako zinegotziak adierazi duenez, alde bietako inor ez dela hurreratu eurengana, "ez dakigu zeintzuk diren euren nahiak". Halere, Rodriguezek ziurtatu du Udala prest dagoela sortu diren plataforma denak entzuteko: "eztabaidatu behar bada eztabaidatuko da, baina behar den moduan".