Leioako campusean gailu su-eragile bategaz egindako erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egingo dute gaur

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 15a, 10:48

© EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) agiri baten bitartez azaldu duenez, ezezagun batzuek Gizarte eta Komunikazioa Zientzien Fakultateko dekanotzari "eraso" egin zioten atzo, martxoaren 14an, Leioako campusean. Ondorioz, langile bat artatu behar izan zuten, EHUk gaineratu duenez. Unibertsitateak gogor gaitzetsi du "erasoa" eta elkarretaratzera deitu du gaurko (martxoak 15), fakultate ondoko Mikel Laboa plazan, 13:00etatik aurrera.

Atzo zabaldutako agiriak dioenez, "goizeko 10:00ak aldera, aurpegiak estalita zeuzkan pertsona-talde batek pintadak egiten hasi da Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko barru nahiz kanpoko aldean, hala nola campuseko beste zenbait lekutan. Ondoren, 13:15ean, fakultateko dekanotzan sartu eta gailu su-eragilea bota dute. Gailuaren eztandaren ondorioz, langile batek kaltea izan du tinpanoan, eta zerbitzu medikuek artatu behar izan dute. Dekanotza hustu eta langileak kanpora atera dituzte, segurtasunagatik".

EHUk gertakariak gaitzetsi ditu. "Inork ez dauka unibertsitate bizitza bortizkeriaz asaldatzeko eskubiderik; are gutxiago ondare publikoak hondatzeko, eta are gutxiago ere langileen segurtasun fisikoa arriskuan jartzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun