Astelehenean espetxera bidali zituen epaileak, joan den zapatuan, Espainiako Poliziak Iruñean atxilotu zituen hiru oreretarrak. Astearen hasieran eroan zituzten epailearen aurrera, eta azken horrek zapatuan izandako istiluetan parte hartzea leporatuta eman zuen espetxeratzeko agindua. "Desordena publikoa eta terrorismoa" egotzi die hiru gazteei epaileak, eta ondorioz, Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali du auzia.
Lau oreretar atxilotu zituen zapatuan Espainiako Poliziak, Iruñean izandako liskarren harira. Zapatu arrastian, manifestaziora deitu zuen Errepresioari Autodefentsa dinamikak Iruñean. Hamarnaka lagun bildu ziren bertan, eta liskarrak izan ziren. Atxilotutako lau lagunetatik hiru, astelehenean pasa ziren epailearen aurretik. Laugarren atxilotua adingabea da, eta aske utzi zuten atxilotu eta ordu batzuetara.