Lan-baldintza duinak eskatu dituzte EHUko aurre-doktoreek

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 16a, 22:34

Eguaztenean Leioako campusean egindako protesta. © EHU-KO LAB

Ikertzaile Aurre-doktoreen Asanblada sortu, eta protesta egin dute EHUko ikerlariek. Kexu dira EHUk Espainiako Gobernuarekin batera aurre-doktoreen kontratu mota "aldebakarrez eta gardentasun gutxiz" aldatu duelako. Gaur jakinarazi dutenez, dirudienez, presioaren eraginez, kontratuak aurreko egoerara aldatzen hasi dira; "lasaitasunez eta zuhurtziaz jokatzeko deia luzatzen dugu", Twitter sare sozialaren bidez ohartarazi dutenez.

Zabaldu duten oharrean azaldu dute sortu berri den asanbladak 280 ikertzaile baino gehiago biltzen dituela. "Kontratuetan egindako aldaketarekiko desadostasun irmoa" adierazteko kontzentrazioak eta manifestazioak egin zituzten eguaztenean, EAEko hiriburuetako campusetan. Leioako campusean euren eskakizunak helarazi zizkioten errektoretzari.

Unibertsitateak kontratuen izaera aldatu du, eta ikertzaileek "irmoki" uste dute kontratu berriek "ikertzaile gazteen egoera are prekarioagoa bilakatu eta kolokan jartzen dutela". Kontratu aldaketa egiteko moduagatik ere kexatu dira: "kaltetutakoei ez digute e-mail bakar bat ere bidali aldaketa asmoaren berri aspalditik zuten arren".

Gizarte Segurantzako Ministerioak baieztatu die aurre-doktoreen kontratu berriek eskubide denak mantentzen dizkietela, baina aldaketaren ondorioekiko desinformazio orokorra dagoela salatu dute: "Inork ez digu bermerik eman izan ditzakeen eragin errealei buruz".

Horren aurrean, hainbat eskaera egin dizkiote errektoretzari: kaltetutako taldeen egoera zehazki argitzea, aurre-doktoreen kontratu denak lehengo formatura itzultzea, kolektiboaren eskubide eta interesak bermatzea, lan-baldintza ezegonkorrak duintzeko berba ematea, eta aurrekoari buruz erantzuna epe laburrean eta gardentasunez ematea.

Helburuak lortzeko beharrezkoak diren bideetatik presioa egiten jarraituko dutela baieztatu dute.

EHU-ko LABen oharra

"Gaur, Formazioko Ikertzaileen aldarrikapena ozen entzun da UPV/EHUko hiru campusetan. Langile kolektibo prekarizatu honen asanbladak(@predocasanblada) deitutako kontzentrazioetan formazioko ikertzaileen gehiengoak hartu du parte, LABen atxikimenduarekin eta beste irakasle-ikertzaileen babesarekin. LABek behin eta berriz salatu du langile hauek sufritutako kontratu aldaketa bidegabea eta UPV/EHUri lan baldintzak mantenduko direla ziurtatzeko bermeak exijitu dizkio. LAB berean mantentzen da, arazo honen betiko konponketa Eusko Jaurlaritzak Zientzia Legean definitutako ikertzaileen kontratu laboral guztiak; ez bakarrik doktoretza aurrekoak– arautzetik etorriko dela, Irakasle-Ikertzaileen dekretua eguneratuz. Kolektibo honen lanak aitortza behar du eta lan-baldintza duinak".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun