Sakonetan kudeaketa aldatzea eskatu dute

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 23a, 09:00

Sakonetako gimnasioa, artxiboko irudian. © LEIOAKO UKI

Sakoneta kiroldegiko gimnasioaren egoera "prekarioa" dela salatu du Leioako EH Bilduk, "gimnasioa kudeatzeko erabilitako ereduak huts egin du, kudeaketaz arduratutako enpresak etekin handiak lortzen dituen bitartean, gimnasioa egoera larrian dago". Euren ustez, "beharrezkoak diren inbertsioak" egiteko beharra dago. Modu berean, kudeaketa-eredua aldatzea proposatu dute: Udalak berak kudeaketa egitea gura dute.

Iban Rodríguez alkateorde jeltzaleak gogorarazi du kritika horiek orain dela urte bi egin zituztela, eta orduan erantzun zietela; ziurtatu du Udal Gobernua Sakonetaren egoera aztertzen dabilela. "Bere momentuan Leioarentzat ona zen kontratua" indarrean dagoela nabarmendu du. Ostera, ordutik hona egoera aldatu egin dela uste du; horregatik, udan esleipena amaituko dela baliatuta, kudeaketa "egokiena" zehaztu gura du. Gimnasioaren etorkizuneko kudeaketa teknikariakaz landuko du Udal Gobernuak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun