Leioa Mendi Tour izango da eguazten eta eguenean

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 21a, 10:00
"Freedom under load" filmaren irudi bat. © BMFF - K2 STUDIO

Mendi-filmik onenak Leioan egongo dira ikusgai, hilaren bukaeran. Leioa Mendi Tour ekimenean. Bilbao Mendi Film Festivaleko sei pelikula erakutsiko dituzte Kultur Leioako auditoriumean.

Pasa den abenduaren 9tik 18ra egin zen Bizkaiko hiriburuan Bilbao Mendi Film Festival (BMFF) zinema-jaialdiaren bederatzigarren edizioa. Bertan, 47 filmez eta hamaika jardueraz gozatu zuten 9.100 bat mendizalek.

Hilabetearen bukaeran, ostera, jaialdia galdu zutenek Leioan izango dute Bilbon proiektatutako film onenetariko batzuk ikusteko aukera, saritutako batzuk tartean. Hilaren 26an eta 27an, eguaztenean eta eguenean, hiruna film emango dituzte Kultur Leioako auditoriumean, 19:30etik aurrera.

Apirilaren 26an, "Boys in the bugs" (Eskalada-film onena BMFFn), "Dodo’s delight" (kirol- eta abentura-film onena) eta "Blocheads" ikusteko parada izango da. Hurrengo egunean, honako filmak emango dituzte: "Annapurna III. Unclimbed", "Freedom under load" (film onenaren eguzki-lorea irabazi zuen Bilbon) eta "Jean Troilet, toujours aventurier" (Ikusleen Saria). Saio bakoitzeko sarrera 3 euroan erosi ahal izango da, eta egun biko bonua, berriz, 5 euroan.

Film denak euskaraz jarraitu ahal izango dira, azpitituluen bidez. Ekimena Kultur Leioak eta Leioa Mendi Taldeak sustatu dute, eta Leioako mendi-taldeak antolatutako mendi-astearen barruan kokatzen da. "Freedom under load" film eslovakiarrak zinema-aretoetara ekarri du Tatras mendietako zamaketarien historia, Polonia eta Eslovakiako mugan, Karpatoetan. Zehazki, zamaketari horien azken belaunaldiaren gaineko lana da. Pavol Barabas zuzendariak kontatu du, 58 minututan, zergatik hautatu zuten bizimodu hori, eta zergatik jarraitzen duten Europako azken mohikanoak izaten. Barabasek hausnarketa zabala utzi du, bakoitzak soinean daraman zamaren gainean ere zerbait berri topa dezan.

"Freedom under load" filmaren aurrerakina (© K2 STUDIO)

Freedom under load from K2STUDIO on Vimeo.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun