EHU munduko 150 unibertsitate gazte onenen artean dago

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 6a, 13:20

Leioako campusa, artxiboko irudian. © EHU

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ageri da berriro ere duela 50 urte baino gutxiago sortutako unibertsitate onenen rankingean; "Times Higher Education" aldizkariak argitaratzen du unibertsitate gazteen sailkapen hori.

Sailkapena duela mende erdi baino gutxiago sortutako unibertsitate onenak biltzen ditu, eta Euskal Herriko Unibertsitatea aurreneko 150en artean jarri du beste behin ere. "Times Higher Education" (THE) aldizkariaren edizio berri horrek hainbat berritasun ekarri ditu; esaterako, zerrenda 200 unibertsitatera handitu du. Metodologia kontu handiz landu dute berriro, eta parametro nagusitzat ezarri dituzte irakaskuntza, ikerkuntza, izen handiko argitalpenetako aipuen adierazlea, nazioarteko ikuspegia eta ezagutzaren transferentziagatik lortutako baliabideak.

Unibertsitate Gazteen Sailkapenak prestigio handia du unibertsitate gazteenen lorpenak neurtzeko (50 urtetik beherakoenak), eta mundu osoan erabiltzen da sortu berri diren erakunde akademikoak kalifikatzeko.

"Times Higher Education" astekaria Londresen argitaratzen dute, "The Times" egunkariari atxikitakoa, eta Erresuma Batuko zein mundu osoko goi mailako hezkuntzari buruzko informazioa argitaratzen du. 1971tik 2008ra bitartean egunkari formatuan argitaratu zen, eta orain aldizkari moduan kaleratzen da.

"EHUk berriro erakutsi du munduko unibertsitate gazte onenen artean dagoela", esan du Nekane Balluerka errektoreak, albistearen harira: "Shanghaiko rankingean ere, 500 unibertsitate onenen artean dago oraindik ere. Hau albiste ona da, esparru akademikoa oso-oso lehiakorra delako; gainera, globalizazioa mugak desegiten ari dira, eta ikasleek, graduondoko maila aurreratuetakoek batez ere, gero eta exijentzia handiagoz aukeratzen dituzte unibertsitateak. Badakigu Euskal Herriko Unibertsitateak asko duela hobetzeko, zalantzarik gabe, baina orain arteko aurrerapausoak ere nabarmendu behar ditugu, are gehiago nazioartean ere nabarmentzen dizkigutenean".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun