Gizon baten bila dabil Ertzaintza, adingabeko bati sexu-erasoa egiteagatik Ondizen

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 26a, 11:10
IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

Astelehenean, 12 urteko neska batek sexu-erasoa jasan zuen 16:00ak aldera Leioako Ondiz auzoan, eskolatik irten bezain pronto. Etxera bueltan, atzetik jarraika zuen gizon batek umea bidetik baztertu eta horma baten kontra ipini zuen. Segurtasun Sailak azaldu du tamaina handiko aizto bategaz mehatxu egin ostean, umearen aurrean masturbatu zela. Umeak ezin izan zuen laguntzarik eskatu. Sexu-erasoaren ostean, eraso-egileak alde egiteko oihukatu zion adingabekoari.

Etxera heltzean, neskak gertatutakoa azaldu zuen eta familiaz lagunduta polizia-etxera joan ziren salaketa ipintzera. Erasotzailearen deskribapen zehatza egin ostean, Ertzaintzak erasoaren lekua arakatu zuen, inolako arrastorik gabe. Begi-ikuskapen Taldea bidali zuten bertara ere, erasotzailearen arrasto biologiko eta bestelako ebidentzien bila. Ertzaintzak antzeko aurrekarien susmagarri bat maneiatzen dabil, baina momentura arte ez da atxiloketarik egin.

Antzeko aurrekariak

Ez da lehen aldia Leioan adingabekoen aurkako sexu-erasoak gertatzen direla: 2016ko urri amaieran, 14 urteko neska bat bortxatu zuten. Ustezko erasotzailea atxilotu eta epailearen esku ipini zuten. Atxiloketa ostean, 18 urteko gaztea aske geratu zen, epaiketan aurkezteko obligazioagaz, baina ihes egin zuen. Martxoan, hil-mehatxuak jaso zituzten biktimaren senideek, Alemaniatik egindako dei baten bidez.

2013an, 54 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak 11 eta 15 urte bitarteko umeak bortxatzea egotzita. 2011n, 45 urteko leioaztar bat bederatzi urteko neskatila bat bahitzeagatik atxilotu zuen Poliziak eta 14 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun