Maskaradagaz hasiko dira Lamiakoko jaiak

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 25a, 12:00

Txupina bota eta gutxira agertuko dira Mari, Aker, Inguma eta beste hainbat pertsonai mitologiko, Lamiakon.

Sanjuanak heldu artean, jai-giroan murgiltzeko aukera edukiko dute leioaztarrek eta kanpotarrek, aste-akabu honetan; izan ere, Lamiakoko sanmaximoakaz hasi ohi da udako ospakizunen zorabioa, Leioan. Hala, barikutik domekara, hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da bertan: besteak beste, lapiko-txapelketa, mozorro-lehiaketa, bingoa eta guatekea egingo dituzte. Gauean, berriz, dantzaldiez disfrutatu ahal izango dute Lamiakora hurbiltzen direnek. Lehenengo egunean, ohiko legez, euskal mitologiako pertsonaiak bisitatuko dute auzoa, Lamiako Maskarada elkarteko lagunei esker; antzezkizuna arrastian eta gauean egingo dute.

Lehenengo egunean, kaleetan barrena ibiliko dira Mari, Aker, Inguma eta beste hainbat pertsonai mitologiko; izan ere, 1978tik hona, Euskal Herriko mitologiaren antzezpena egiten dute urtero Lamiako Maskarada kultur elkarteko kideek. Hala, 17:30ean, Gaztelubide kalean dagoen Putzegilearen errotondatik kalejiran abiatuko dira Maskaradako partaideak, Lamiakoko metro geltokiraino: Maiatzak, erraldoiek, fanfarreak eta herriko dantzariek maskaradaren etorrera iragarriko dute. 18:00etan, berriz, Mari eta bere senarra Sugaar agertuko dira Lamiaren eskulturaren ondoan. Besteak beste, joan-etorria egingo dute Txopoetako garbitegiraino, bidean pertsonaia mitologikoakaz dantzatuz eta gaueko akelarrerako gonbita luzatuz. Hain zuzen ere, 22:30etik aurrera, suaren inguruan dantzatuko dute batutako pertsonaiek, Lamiakoko eliza ondoan. Jende ugari batu ohi da gaueko antzezkizuna ikustera.

Jaietan sexu-erasorik ez!

Betiko Ikastolak irabazi du jaietako sexu-erasoen aurkako bigarren kartel-lehiaketa, Leioako Udalaren Berdintasun Sailak jakinarazi duenez. Horrez gainera, Artatza-Romo BHI ikastetxeak aipamen berezia lortu du. Agintari leioaztarrek azaldu dutenez, “kanpaina honen helburua emakumeenganako sexu-erasoen kontrako jarrera agertzea da, eta bide batez hiritarrak gaiaren inguruan sentsibilizatzea”. “Indarkeria mota honekiko tolerantzia maila gutxitu” gura dute, “jaietako testuinguruan ere bai”. “Jaia gurea gauean ere bai: Leioa tratu onen alde eta eraso sexisten aurka” da ekimenaren goiburua. Ikastetxeek kanpaina honetan izandako “erantzun ona eta inplikazioa” eskertu ditu Berdintasun Sailak.

Egitaraua

Maiatzak 26, barikua

  • 16:30 Txupinazoa eta 2017ko San Maximo jaien hasiera.
  • 17:30 Maskaradaren lehenengo zatiaren hasiera, Putzegilearen biribilgunetik.
  • 18:30 Maskaradaren bigarren zatia, txosna ondoan.
  • 20:30 "Leioako Musika Banda: Sustraiak" emanaldia.
  • 21:30 Erakustaldia ikusi ondoren, zatoz txosnara ogitartekoa jatera.
  • 22:30 Maskaradaren hirugarren zatia, eliza ondoan.
  • 00:00 Dantzaldia Sukar taldeagaz.
  • 02:00 Dantzaldiaren atsedenaldia eta irrintzi-txapelketa.

Maiatzak 27, larunbata

  • 08:00 Lamiakoko IV. Lapiko Txapelketa. Txosnan izena eman.
  • 10:00 Txupinazoa.
  • 11:00 Etxeko txikitxoenakaz disfrutatu eskulan tailerrean.
  • 12:00 Anima zaitez eta poteatzen hasi.
  • 13:00 Igel-toka txapelketa.
  • 14:30 Lapikoak aurkeztea.
  • 16:30 Lapiko Txapelketako sari-banaketa.
  • 18:00 Tiragoma. Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria den lehia.
  • 18:00 Dantza-erakustaldia, eliza ondoan.
  • 18:30 "Bote luzea" erakustaldia, Leioako Udalak eta Euskadiko Pilota Federazioak antolatuta.
  • 20:00 Jai-batzordeak txorizoa sagardotan dastatzera gonbidatzen zaituzte.
  • 20:30 Mozorro-lehiaketa, txosna ondoan.
  • 22:30 Diego Arjona umorista.
  • 23:30 Auzoko Bingoa.
  • 00:00 Disko-dantzaldia Galker taldeagaz.
  • 02:00 Galker-en atsedena eta Auzoko Bingoa.

Maiatzak 28, igandea

  • 10:00 Txupinazoa.
  • 11:00 Umeentzako gaztelu puzgarriak.
  • 11:00 San Maximoren omenezko meza.
  • 12:00 Kalejira eta buru-handiak.
  • 12:30 Etorri txosnara poteatzera.
  • 13:00 Herri kirolak.: Inaxio Perurena.
  • 17:30 Lamiakoko XVIII. Playback Txapelketa (adin-muga barik).
  • 18:00 Guatekea, Sergio Ibargüenek girotua.
  • 20:00 Sari banaketa.
  • 21:00 Azken traka eta 2017ko jaien amaiera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun