Leioako metro-geltokian zaindari bati eraso egin diotela salatu du CCOOk

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 31a, 12:12

Euskadiko CCOO sindikatuko Eraikuntzaren eta Zerbitzuen federazioak salatutakoaren arabera, gizonezko batek metroko segurtasun-zaindari bati eraso egin zion atzo, burdinazko barra bat erabiliz, Leioako geltokian.

 

Langileen erakundeak azaldu duenez, txartelak sartzeko makinaren gainetik igarotzen saiatu zen ustezko erasotzailea, salto eginez. "Segurtasun-zaindariak geldiarazi zuenean, morroiak burdinazko barra bat atera zuen eta jagolea bizkarrean eta besoetan kolpatzen hasi zen. Buruan jotzen ere saiatu zen; baina, zaindariak, kolpea ekidin egin zuen". Beste lankide baten laguntzaz, gizonezkoa geldiarazi zuten eta Ertzaintzaren esku utzi zuten. Erasotutako lagunari dagokionez, mutualitatera eroan behar izan zuten, "pronostiko erreserbatuko zauriakaz"; daborduko 11:00etan bere etxean zegoen.

Euskadiko CCOO sindikatuko Eraikuntzaren eta Zerbitzuen federazioak "metroko-zaindariek segurtasun-gabezia" sufritzen dutela salatu du; langileen erakundearen arabera, "azkenaldian asko izan dira jasandako erasoak. Gabonetan jagole bi jipoitu zituzten San Mameseko metro-geltokian". "Garraiobideko langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak" hartzeko exijitu dio CCOOk Metro Bilbao konpainiako zuzendaritzari. "Ezin dugu eraso gehiagorik onartu", adierazi dutenez.

Bere aldetik, CISPE sindikatuak joan den zapatuan beste eraso bat gertatu zela adierazi du: Plentziako metro-geltokiko gainbegiralearen kontra egin omen zuten. Hala, "ordu zehatz batzuetan zaindarien kopurua nabarmen murriztu izana" leporatu dio langileen erakundeak Metro Bilbaori: "erasoek jarraitzen duten bitartean eta, horrez gainera, alerta antiterroristako egoeran egonda, babes barik utzi dituzte bertoko langileak eta metroa bera", gaineratu dutenez.

Azkenik, UGT-Euskadiko Segurtasun sektoreak Metro Bilbao garraio-konpainiako zuzendarien "arduragabekeria" salatu du: "idatziz eskatu diegu dauden segurtasun-gabeziak konpontzeko neurriak hartzeko; baina, ez dute ezer ere erantzun", kritikatu zuen Isidro Campo erakunde horretako arduradunak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun