Ikasle bati egindako sexu-erasoa salatuko dute bihar, Leioako campusean

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 31a, 16:00

EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle bat atxilotu dute, Bilbon, ikaskide bati sexu-erasoa egitea egotzita, unibertsitateak berak jakinarazi duenez. Hala, emakumeentzat ere segurua izango den unibertsitate baten alde, mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du eguen honetarako, ekainaren 1erako, Leioako campusean. Mikel Laboa plazan izango da mobilizazioa, 12:00etan. EHUko Errektoretza-taldeak eta LABek ere protestagaz bat egin dute, eta komunitate unibertsitarioari bertaratzera deitu diote.

Erasoa azaroan gertatu zela salatu du emakumeak, eta barikuan atzeman zuten haren ikaskidea. Gainera, beste emakume batzuei ere jazarri ote dien ikertzen dihardu Ertzaintzak. Leioako mugimendu feministak ohartarazi du atxilotua "hiru urtean inpunitate osoz emakumeei erasotzen" ibili dela: "EHUko eraso-sexisten aurkako prebentzio-protokoloa alferrik da", kritikatu dutenez.

EHUko agintariek, ostera, azaldu dute erasoaren zantzuen berri izan zuenean barne-segurtasuneko protokoloa abiatu zuela. Erasoa jasan zuen ikasleagaz harremanetan ipini zirela esan dute, eta Ertzaintzarengana lagundu ziotela ere bai, salaketa ipin zezan.

Unibertsitateak ohar batean jakinarazi duenez, "erabat eta errotik gaitzesten dugu indarkeria sexual mota oro, edozeinen aurkakoa dela ere, eta, errugabetasun-presuntzioari begirunerik handiena erakutsiz, elkartasuna adierazten diogu kasu honetan kaltetutako ikasle andreari, eta haren esanetara ipini gara behar den guztirako". Unibertsitateko arduradunek zantzuen "larritasuna" ikusita, barne-prozedurari ekingo diote. "Errektoretzak arduraz erantzun du, ahal duen guztian lagunduz Ertzaintzari, nola kasuan kasuko epaileari", azaldu dutenez.

Gaitzespen-mezuak

Besteak beste, LAB sindikatuak "erabateko gaitzespena" adierazi du Arte Ederretako ikasleari egindako "erasoa" dela eta. Gertakaria salatzeaz gainera, emakumeari elkartasuna eta babesa adierazi dio. "Ozen esan gura dugu edozein sexu-eraso zein bestelako indarkeria matxistarik ez dugula onartuko", ohartarazi du langileen erakundeak.

Bitartean, "guztion artean unibertsitatea erasorik gabeko esparrua eta berdintasunaren eremua" izatea lortu behar dela adierazi du EHUko Errektoretza-taldeak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun