Leioako Udalak 300.000 euro baino gehiago inbertitu ditu ikastetxeen hobekuntza lanetan

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 14a, 09:54

© ALTZAGA IKASTOLA

Udako oporraldia unerik egokiena izaten da ikastetxeetan hobekuntza-lanak eta mantenua egiteko; irailean, ikasturte berria hasterakoan, dena prest izateko. Aurton, Leioako Udalak 300.000 euro inguruko partida bideratu du ikastetxe publikoetan hobekuntzak egiteko. Besteak beste, Altzaga ikastolak jantoki handiagoa izango du hurrengo ikasturtean; daborduko obrak hasi dituzte. Ikastetxe horretako jolastokia ere berrituko dute; horregaz, orain arte izandako hezetasun-arazoak desagertzea espero da.

Lamiakoko ikastetxea, bestalde, jolastoki berrituak izango ditu hurrengo ikasturtean; horrez gainera, berritzeko gelditzen ziren hainbat ate eta leiho aldatuko dituzte, eta Berritzeguneko sarrerako eskailerak ere hobetuko dituzte.

Artatza-Pinueta zentroaren fatxada ere berrituko dute. Eta San Bartolomeko ikastetxean, zenbait ate eta leiho aldatzeaz gainera, kanpoko hesia lekuz aldatuko dute, jolastokiari zabalera handiagoa emateko.

Aipatutako berrikuntzek 225.000 euro baino gehiagoko kostua izango dute; diru horretatik, Eusko Jaurlaritzak 135.878,79 euro jarriko ditu. Aipatutakoez gainera, bestelako hobekuntza txikiak izango dira ikastetxeetan udako hilabete hauetan, ohiko konponketak eta mantenu-lanak (argiak, margotzeko-lanak…).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun