Erabaki hori gradu guztietan aplikatuko da (bere esperimentaltasun-maila dena dela), eta matrikula guztietan ere bai, lehen matrikulazioan zein deialdi ezberdinen ondoriozko hurrengo matrikulazioetan. Masterretako tasak ere izoztu egingo dira 2017-2018 ikasturterako.
Tasek ez dute ezelako aldaketarik izan azken hiru ikasturte akademikoetan (2015-2016, 2016-2017 eta 2017-2018). Azken aldaketa 2014-2015 ikasturtean izan zen: 0,4ko igoera aplikatu zen, KPIak izandako hazkundeak adina.
Bekak
Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea den Adolfo Moraisek, halaber, ikasturte honetan emandako beken eta kurtso berrirako zenbatekoen berri eman dio Ikasleen Kontseiluari.
Bukatu berri den ikasturtean zehar, 13.314 ikaslek bekaren bat jaso dute, beken deialdi ezberdinetan (beka orokorra, desgaituentzako garraiorako, bikaintasunerako, IkasIker lankidetza bekarako edo Erasmuserako). Emandako beka guztien artean, 11.510 beka orokorrak izan dira. Denera, 39,6 milioi euroko inbertsioa egin da programa ezberdinetan.
2017-2018 ikasturteari begira, "Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoa eta esfortzu ekonomikoa mantenduko du, unibertsitate sistemarako sarbidea errazteko bere helburuagaz bat", bertoko arduradunek esan dutenez.