EHUko 16 ikasle ohi "Saltillo" eskola-ontzian joango dira

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 14a, 10:22

EHUko Saltillo eskola-ontzia. © EHU

Uztailaren 18tik aurrera, "Saltillo" eskola-ontzian nabigatu ahal izango dute EHUalumni ikasle ohien sareko 16 kidek. Interesatuek posta elektroniko bat bidali beharko dute, datu pertsonalakaz, ehualumni@ehu.eus helbidera; inskripzioa egiteko orduan azkarrenek, zortzi bidaiatan parte hartu ahal izango dute uztailean (18an eta 21ean) eta abuztuan (17an, 18an, 20an, 21ean, 22an eta 23an) zehar. Belaontzia Euskal Herriko itsasertz osoan ibiliko da; hala, Bermeon, Getarian, Hondarribian, Pasaian, Mutrikun, Getxon edo Bilbon izango da, besteak beste.

"Saltillo" 1932an eraiki zuten eta, bi urte beranduago, Pedro Galindez enpresari bizkaitarrak erosi zuen. 1946tik 1963a arte, Galindezek errege-familiari utzi zion belaontzia, erabil zezan. 1968an, enpresa-gizonak Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoari itsasontziaren dohaintza egin zion, eta 1998az geroztik EHUko ontzi-eskola legez erabiltzen da.

Aurten, ohiko udako itsasaldia egin beharrean, "Saltillo"-k ETB2ko "Una historia de Vasconia" programako kapitulu bat protagonizatuko du.

Programa horrek Euskal Herriko historiaren pasarte garrantzitsuenak islatzen ditu, kasu honetan, telebista-saioak euskaldunek itsasoagaz aldi desberdinetan izandako harremana aztertuko du: erromatarren garaian, "Santa María" ontzian Colónek egindako itsas-bidaian, eta, azkenik, euskal kortsarioek protagonizatutako historia bat ikusi ahal izango dira.

Bestalde, EHUren itsasontziak Copa Gitana txapelketan parte hartuko du, abuztuaren 15etik 26ra. Areetako Real Club Marítimo del Abra eta Real Sporting Club antolatutako belaontzien topaketa hau Estatuko hitzorduetako garrantzitsuenetakoa da. 1904an sortu zen, eta ontzi klasikoak eta historikoak batzen ditu. Aurten, gainera, La Rochelleko portutik etorritako antzinako belaontziak izango dira han eta, hori dela eta, ekitaldi osoago bat antolatu da. "Abuztuaren 16an Hondarribian batuko dira belaontziok; bertan, erakustaldia egingo dute. Gero Getxorantz nabigatuko dugu, Pasaian, Mutrikun, Bermeon eta Bilbon porturatuko garelarik. Abuztuaren 25ean eta 26an daborduko Getxon izango gara, eta han Copa Gitana txapelketan parte hartuko dugu", azaldu du Saltillo EHUko eskola-ontziko kapitaina den Mikel Lejarzak.

Zerbitzuak eta deskontuak

EHUk iaz ipini zuen abian Iñigo Lamarca Ararteko ohiak presiditzen duen EHUalumni ikasle ohien sarea. Ekimen horrek, orain arte, ikasketak eta esperientziak partekatu dituzten 300.000 pertsonen artean jaio diren loturak mantendu eta sustatu gura ditu.

Hala, EHUalumni sareak zerbitzua eskaintzen die lagun horiei guztiei, enpleguaren sutapenagaz eta prestakuntzagaz zerikusia daukaten jarduerak bultzatuz. Gainera, unibertsitatetik antolatutako jarduera kultural, ludiko, kirol eta akademikoen hedapenean parte hartu daiteke ere bai. EHUko biblioteketan sarrera librea eta doako eskaintzen da, eta deskontuak hizkuntza ikastaroetan, tailerretan edo ziurtagirietan ere bai. Uda honetarako, gainera, EHUalumni sareak eskaintza bereziak ditu RESAren Estatu osoko ikastetxe nagusi eta egoitzetan, General Optica dendetan, EHUko  Uda Ikastaroetan, Ecuador eta  Halcón bidaia agentzietan, eta bela ikastaroetan, Urdaibain.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun