Gizonezkoa 16:55ak aldera atxilotu zuten Leioako Ibaiondo auzoan; aurretik, pertsona batek deitu zuen esateko zenbait enpresaren bulegoak dauden eraikin batean norbait lapurretan zebilela.
Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zenean, ikusi zuen bulegoetako bateko sarraila bortxatuta zegoela eta bonbina falta zitzaiola. Sarrailaren zulotik begiratu zutenean, pertsona bat ikusi zuten barruan. Agenteak bulegora sartu ziren eta errezelen atzean ezkutatuta aurkitu zuten ustezko lapurra. Gizona, Polizia ikusita, ihes egiten ahalegindu zela zabaldu du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.
Ertzainek identifikatu eta, ondoren, atxilo hartu zuten gizonezkoa. Agenteek egiaztatu zuten "modu horretako lokaletan lapurreta egiten espezializatutako delitugile ezaguna" dela. Eraikina arakatu ondoren, jabetu ziren ezkutatu zen bulegoan ez ezik beste enpresatako beste lau bulegotan ere sartu zela. Ertzaintzak jakinarazi duenez, aldameneko eraikin bateko bulegoetan lapurreta ustez egiteagatik atxilotu zuten susmagarria joan den maiatzean.
Ertzainek atxilotua miatu zuten, eta hiru tableta elektroniko, telefono adimentsu bi eta dirutan 995 euro aurkitu zizkioten. Atxilotua eta polizia-dependentzietara eroan zuten eginbideak irekitzeko, eta ondoren epailearen aurretik pasatzeko.