Gobernu Kontseiluak onartutako kontratuak zubi-kontratuak dira, doktoretza aurretikoaren eta doktoretza ondokoaren bitartekoak. LAB oroitarazi duenez, "aurtengo apirila arte deialdia irekia egoten zen etengabe, baina Unibertsitateak horretarako diru-partida amaituta zegoela esanez, deialdia itxi zuen".
Garai hartan, LABek salatu zuen deialdia etetea, eta berriro martxan ipintzea eskatu zuen. Alde horretatik, sindikatuak "ondo ikusi" du beste deialdi bat deitu izana, eta "aurreko baldintzak hobetu" izana ere. Azpimarratu dutenez, aurretik "ardura partzialeko kontratuak ziren, eta hemendik aurrera ardura osokoak izango dira; lehenago bederatzi hilabeterako baziren, hemendik aurrera urtebetekoak izango dira, eta edonola ere ez dira praktika aldiko kontratuak".
Hobekuntza horiek, baina, ez dute sindikatua ase utzi. Izan ere, kritikatu dutenez, "etorkizunean ez da beti irekita dagoen deialdia izango eta oraingoan 10 kontratu besterik ez dira esleituko. Ikerketako errektoreordeak adierazi du urtean deialdi bi gutxienez egongo direla". Horren aurrean, LABek eskatu du deialdiak maiz egitea eta hurrengoa aurten ateratzea, "kontuan hartuta denbora luzean deialdiak itxita egon direla eta aurten tesi asko irakurtzen ari direla". Bestalde, gutxienez, urteko aurrekontua mantentzea exijitu du sindikatuak.