Segurtasun Sailak gorroto-delituen gaineko txosten bat egitea eskatu dio EHUri

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 19a, 18:12

Beltrán de Heredia eta Landa gaur goizean egindako bileran. © EAE-KO SEGURTASUN SAILA

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak EAEko 2017ko gorroto-delituen inguruko txostena egiteko enkargua eman dio Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrari. Leioako campuseko hezkuntza- eta ikerketa-zentroa bi urte daroatza Ertzaintzaren jarraibidea aztertzen eta gai horretan aholku ematen.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuak harrera egin dio, gaur goizean, Jon Mirena Landa EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendariari, Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Bileraren helburua izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jasotako gorroto-delituei buruzko txostenaren zehazkizunen berri izatea.

Segurtasun Saileko iturriek azaldu dutenez, Sailerako "aparteko garrantzia du delituei aurrea hartzeak", eta denak garrantzizkoak badira ere, "arreta berezia ipintzen da gorroto-delituetan". Hala, hainbat tresna sortuko dute, "epe ertainean eta luzean modu horretako kriminaltasuna hobeto ezagutzeko, prebenitzeko eta eraginkortasunez desagerrarazteko". Prebentzio-tresna horiek gauzatzeko, Segurtasun Saila kanpoko zenbait erakundeakaz elkarlanean hasi da, erakunde horiek gai horietan dituzten ezagutzez baliatzeko.

EHUko Giza Eskubideen Katedrari dagokionez, orain dela urte eta erdi hasi zen Ertzaintzaren barne-jarraibidean lanean, eta ordutik hona gorroto-delituen arloan aholku eman du. Esperientzia horretan oinarrituta, Segurtasun Sailak beste pauso bat eman du, eta EAErako gorroto-delituei buruzko txosten espezifiko bat egiteko eskatu dio.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak azaldu duenez, "berebiziko garrantzia du, delituei buruzko zifrak eta datuak alde batera utzita, era horretako gorroto-delituen egituraketaren eta sailkapenaren, gorrotoaren diskurtsoaren eta gorroto gisa sailkatutako portaeren garrantzi penal eta administratiboaren marko teoriko eta kontzeptual bat izatea".

Txostenaren nondik norakoak

Euskal Autonomia Erkidegoko gorroto-delituei buruzko txostena egiteko, Segurtasun Sailak bere datu-baseetan erregistratuta dauden eta gorroto-delituakaz zerikusia duten gorabehera guztiak jarriko ditu Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren esku, bai eginbide judizialak eragin dituztenak bai administrazio-prozedurak eragin dituztenak, bai eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatzen diren era horretako egintzei buruz gehiago jakiteko balio dezaketen bestelako datuak ere. Informazio horregaz, Katedrak bere ezagutza tekniko eta juridikoa jarriko du.

Jon Mirena Landak, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendariak azpimarratu duenez, "Giza Eskubideen Katedrak ia bi urte daramatza portaera modu horien jazarpenerako Ertzaintzak daukan barne instrukzioa gainbegiratzen". Modu berean, gogorarazi duenez, Katedrak denbora horretan aipatu gaian aholkularitza eman dio Ertzaintzari, eta daborduko EAEko "gorroto-delituei buruzko txosten berezia landuz" ibili dira.

Halaber, Landak gaineratu du "Euskadin gaiok eraginkortasunez, seriotasunez eta zorroztasun osoz tratatzearen aldeko jarrera eta bokazio nabarmena dago, bai Justizia Administraritzaren aldetik, fiskaltzaren eta epailetzaren aldetik, eta baita Ertzaintzaren aldetik ere. Horri, gizarte zibiletik inplikatutako EGK sare guztiz eraginkor bat gehitu behar zaio".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun