Kataluniako erreferendumari elkartasuna adierazteko sinadura-bilketa abiatu dute EHUko hainbat irakaslek

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 29a, 13:10

JOSEP RENALIAS

EHUko irakasle talde bat eta euskal gehiengo sindikala urriaren 1ean Katalunian ospatzekoa den erreferendumarekiko elkartasun-adierazpena bultzatzen dabiltza. Mila Amurriok, Helena Francok, Pedro Ibarrak, Petxo Idoiagak, Ane Larrinagak, Iñaki Lasagabasterrek, Francisco Letamendiak eta Ramon Zallok izenpetu dute manifestua, Garbiñe Aranburu (LAB), Biktor Galarza (Hiru), Alazne Intxauspe  (Etxalde),  Txiki Muñoz (ELA), Txejo Ortega (ESK) eta Ana Pérez (Steilas) sindikalistakaz batera. Haien helburua "ahalik eta sinadura gehien ahalik eta epe laburrenean" (irailaren erdialdera arte) batzea da. Prestatu duten webgunean eman daiteke atxikimendua.

Adierazpenean, Kataluniako Gobernuaren zein Parlamentuaren gehiengo zabalak deitutako "erreferendumaren legitimitate demokratikoa" aldarrikatzen dute eta hango jendarteak Estatu propioa izatearen inguruan galdekatua izateko duen "gogoa" azpimarratzen dute sinatzaileek.

Aurrekoagaz batera, PPren gobernua kritikatzen dute, "PSOE eta Ciudadanos alderdien konplizitateaz baliatuz, erreferendum hori bitarteko oro erabiliz eragotzi nahi duelako, emaitzei beldurra dielako". Diotenez, urriaren 1ean, "erabakitzeko bere eskubidea burutzea nahi duten Kataluniako herritarren eta eskubide hori eragotzi nahi duen Estatuaren arteko talka gertatuko da"; hori da Kataluniaren aldeko beraien elkartasunaren jarreraren arrazoia.

Horregatik ere deitoratzen dituzte erreferendumaren aurrean agertutako bi jarrera: "hitzez herrien autodeterminazioaren alde egonik ekintzez erakusteko aukera agertzen den honetan, Estatuak eragindako berme ezaren erantzukizuna demokratei leporatuz, atzera egiten duten horien koherentzia eza’ eta ‘Eusko Jaurlaritzaren elkartasun eza, (…) Rajoyen gobernuarekin egindako akordioak PPko gobernua sendotu eta Kataluniako instituzio demokratikoak ahultzen dituztelako".

Gainera, "erreferendum horren alde deituko diren mobilizazioekin bat" egiten dute: Bartzelonan bertan, irailaren 11ko Diadako deialdiagaz eta, bereziki, Euskal Herrian, Gure Esku Dagok irailaren 16rako Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde Bilbon deitutakoagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun