Gaztelubideko udal-bulegoa lekuz aldatu dute, behin-behinean

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 7a, 16:24

Leioako Gaztelubide udal-bulegoa. © ASIER BASTIDA - LEIOAKO UDALA

Gaztelubide Udal Bulegoa Pinuetako ludotekara mugitu du Leioako Udalak. Erakundeak zabaldu duenez, horren arrazoia da "Jagolearen etxea" legez ezaguna den udal-bulegoan hainbat berrikuntza egin behar direla, eraikina Herritarrentzako Arreta Zerbitzu integrala bihurtzeko.

Hori dela eta, bertan eskaintzen ziren udal-zerbitzuak 100 bat metrora dagoen Pinuetako ludotekan emango dira, Maiatzaren Bata kaleko 3 zenbakian, alegia. Lanak bukatuta, gutxi gorabehera, hilabete bi barru, berriz zabalduko dute Gaztelubideko udal-bulegoa. Bitartean, orain arte legez honakoak izango dira harremanetarako bideak: sac02@leioa.net posta elektronikoa eta 944 646 722 telefonoa.

Mari Carmen Urbieta alkateak azaldu duenez, "Herritarrentzako Arreta Zerbitzuen bidez bilatzen dena da arreta eskaintzea, pertsonen arteko erakusmahai eta muga barik, harreman hurbilago bategaz...". Hala, udaletxean egin duten legez, udal-sail denen kudeaketak egin ahal izango dira Gaztelubiden, obrak amaitu ondoren. Leihatilaz leihatila ibili beharrean, eta udaletxera igo barik, herritarrek bertan egin ahal izango dituzte espediente bati dagozkion izapide denak. "Modu horretan, egun berean auzokideak agiria prest duela alde egin ahal izango duela bertatik. Izapideak asko erraztuko ditu eta denbora aurreztuko du. Hori herritarrek eskertzen dute", adierazi du Urbietak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun