Leioako Pop-rock Lehiaketa kartel bila dabil

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 11a, 10:44

Lehiaketaren irudia.

Bederatzigarren urtez, Leioako Pop-rock Lehiaketaren berri emango duen kartela aukeratzeko sariketa martxan ipini dute Aterpe Gazteguneak, Kultur Leioak eta Leioako Udalak. Lanak urriaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira Aterpen, Aldapabarrena kaleko 2. zenbakian. Parte har dezakete 14 eta 35 urte bitartekoek.

Epaimahaiak bost kartel aukeratuko ditu, finalistak, azaroaren 6an; ikusleek euren botoak emateko aukera izango dute data horretatik aurrera, azaroaren 19ra arte. Jendeak gogokoen dituen hiru kartelei eman ahalko die botoa (3 puntu, 2 eta 1), Kultur Leioako webgunearen bitartez. Kartel irabazlea epaimahaiaren eta ikusleen boto gehien jaso duena izango da. Sari-banaketa azaroaren 24an izango da, Kultur Leioan; lehiaketak 600 euroko sari bakarra izango du.

Lehiaketaren oinarriak

Parte-hartzaileak

  • 14-35 urte bitarteko gazteak.
  • Adin txikikoak: guraso edo tutoreen baimenarekin.

Egile berak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu.

Gaia

Leioako Pop Rock Lehiaketaren XVIII. saria.

Lanen ezugarriak

  • Teknika librea.
  • Koloretan edo zuri-beltzean.
  • Neurriak: 30 x 40 cm, euskarri zurrunean, hobe kartoi luman eta kristal gabe.
  • Egileak CD batean kartelaren bi argazki erantsiko ditu (jpg edo tiff formatuan), bereizmen handian eta txikian.
  • Lanek jatorrizkoak izan behar dute.

Testuak

Kartelean derrigorrez ondoko testuak agertu beharko du:

LEIOA 2018

XVIII. POP ROCK LEHIAKETA XVIII CONCURSO POP ROCK

Lanak jasotzea

Lanak Aterpe Leioa Gaztegunean entregatu beharko dira:

ATERPE LEIOA GAZTEGUNEA Aldapabarrena 2. 48940 Leioa (Bizkaia)

Argibide gehiago: Tel. 944 055 850 gazte@leioa.net

Lanak egilearen sinadura gabe eta lelopean aurkeztuko dira. Lanetan, ikusteko moduan, ezin izango da jarri ez egilearen izenik, ez identifikazio-daturik.

Gutun-azal itxian eta lelo berarekin egilearen ondoko datuak adieraziko dira:

  • Egilearen izen abizenak.
  • NAN zenbakia.
  • Egilearen adina (jaiotze data).
  • Helbidea, telefonoa, e-maila.
  • Flickr-en lanak ikusgai egoteko baimena, sinatuta (Egilearen nortasuna aipatuz).

Lanak onartzeko epea

2017ko urriaren 20ra arteko epea egongo da.

Sariak

Lehiaketak 600 euroko sari bakarra izango du. Saria PFEZaren atxikipenari lotuta dago. Saria banatu barik utz daiteke aurkeztutako lanek gutxienezko kalitate teknikorik edukiko ez balute.

Saritutako kartela

Hobe inprimatzeko, kartela egiteko teknikak tonalitateak aldatzea eskatuko balu, Kultur Sailak aldaketa hori inposa dezake aurretik egilea kontsultatuta eta bere laguntzarekin. Irabazleak bere lana ordenagailuz egin badu kartelaren euskarri informatikoa eman beharko du inprimatu behar den neurrian.

Epaimahaia

Lanen aukeraketa eta irabazlea zein den, epaimahaikideek eta ikusleen botoek erabakiko dute. Epaimahaia ondorengoek osatuko dute:

  • Lehendakaria: Leioako alkatea edo berak aukeratutako zinegotzia.
  • Idazkaria: Gazteria eta Kultura zuzendaria, edo hark aukeratutako pertsona.
  • Gainerako epaimahaikideak:
  • Diseinuaren edota artearekin zerikusia duten bi pertsona.
  • Leioako elkarte baten ordezkaria, musikaren munduarekin erlazionatutakoa.

Epaimahaiak azaroaren 6rako finalistak izango diren 5 kartelak aukeratuko ditu, data horretatik aurrera eta azaroaren 19ra arte, ikusleek euren botoak emateko aukera izango dute. Ikusleek gogokoen dituzten 3 kartelei eman ahalko diete botoa (3 puntu, 2 eta 1) Kultur Leioako web gunearen bitartez.

Kartel irabazlea epaimahaiaren eta ikusleen boto gehien jaso duena izango da. Lanen baten, ondoren azaltzen direnak betetzen baldin badira, epaimahaiak bere esku izango du lan hori baztertzea:

  • Egileren nortasuna argi ez dagoenean.
  • Gizabanakoaren duintasunaren aurkakoa denean.
  • Beste lan batzuen plagioak izan daitezkeen lanak edo beste lan batzuen imitazio edo oso hantzekoak direnak, eta epaimahaiaren ikuspuntutik, originaltasunik ez dutenak.

Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da. Hori horrela izanik, epaimahaiak, goian aipatutakoren bat betetzen dela ikusten duenean, erabakia alda dezake.

Sari-banaketa

2017ko azaroaren 24an (ostirala) arratsaldeko 18:30ean Kultur Leioan.

Jabetza

Lan sarituak aurrerantzean Leioako Udalarenak izango dira. Udalak lan horiek erakutsi, kopiatu eta argitaratu ahal izango ditu. Hori guztia izaera esklusiboarekin eta Udalaren alde.

Erakusketa

Aurkeztutako lanak ikusgai egongo dira, betiere epaimahaiak zeintzuk erakutsiko diren aukeratzeko eskubidea gordez, espazio arazoengatik eta lanen kalitatean oinarrituta. Aurkeztutako lanak azaroaren 6tik abenduaren 10era arte ikusgai egongo dira Aterpe Leioa Gaztegunean.

Udalak eskubidea izango du sarituak izan ez diren lanak erakusteko eta zabaltzeko, doaneko eskubide-emate lez ulertuz, esklusibitatearekin, lanen erakusketa amaitu arte.

Lanak itzultzea

Erakusketa amaitu eta hurrengo 30 egunetan, saririk jaso ez dutenek euren lanak Aterpe Leioa Gaztegunean bertan jaso ahal izango dituzte, horretarako nahitaezkoa izango da aurrez emandako frogagiria aurkeztea. Epe horretan jasotzen ez diren lanak Udal jabetza eta artxibora pasatuko dira. Behin epea beteta, Udalak jaso gabe dauden lanen erabilera librerako eskubidea gordetzen du.

Udalak ez ditu bere gain hartuko lanek jasan ditzaketen ezbeharrak horien garraioa, erakusketa edo zaintzeak eraginda.

Oharrak

Antolatzaileek oinarri hauetan zehazten ez diren ekimenak burutzeko eskubidea gordetzen dute, oinarrien funtsezko edukia aldatu gabe. Halaber, lanak arreta handiz zaindu egingo dituzte, baina ez dute haien ardura hartuko.

Lanak lehiaketara aurkezteak oinarri hauek erabat onartzen direla esan nahi du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun