Leioa Waterpolo prest dago berriro ere lehenengo mailari ekiteko

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 13a, 14:32
Leioa Waterpoloko jokalariak iaz, Madrilgo Rivas Lehiaketa irabazi ostean. © LEIOA WATERPOLO

Leioa Waterpolo klubeko emakumezkoen talde nagusiak urriaren 21ean hasiko du Liga. Etxean egingo du, Horta talde katalanaren aurka. Hala, zazpigarren urtez segidan jokatuko du Lehenengo Mailan. Bere historia osoan, zortzigarren aldia izango da maila horretan lehiatuko dena.

Halere, taldea denboraldia prestatzeko saioetan dabil oraindino. Abuztuaren 30ean hasi zituzten entrenamenduak, eta aste-akabu honetan, Bartzelonan izango dira leioaztarrak Santa Eulàlia klubaren sariketan; bertan, Sant Feliu, Catalunya, Elx eta etxeko AESE taldea izango ditu arerio. Ondoren, hilaren 23an eta 24an, ohiko Gabon Kopan hartuko dute parte. Irailaren azken egunean, ostera, Euskal Herriko Superkopan lehiatuko dira, Zornotzan. Denboraldi-aurrea bukatzeko, lagunarteko partida bi jokatuko dituzte Waterpolo 98'02 nafarraren aurka.

Leioako taldeak jarraipena emango die teknikoei eta jokalari gazteei. Iaz legez, jokalarien gehiengoa leioaztarra izango da, eta den-denak bizkaitarrak. Izan ere, 15 kideetatik 12 Sakonetako harrobitik atera dira. Hala, Jon Lópezek segituko du taldea zuzentzen, Gorka Sánchez eta Josu Barrenetxea teknikoakaz batera, azken bost urteotan legez.

Taldearen helburua da iaz agertutako maila sendoa mantentzea, bosgarren lekua erdietsita; horretarako, etxean jokatuko dituzten partidak mendean izan beharko dituzte. Aurreko denboraldian, dema bat baino ez zuten galdu Sakonetan. Halere, leioaztarrek sekulan ez diote uko egin anbizioa izateari, orain dela denboraldi biko hirugarren postuak frogatu zuen legez.

Partidak Sakonetan

Urriak 21, zapatua

  • Leioa Waterpolo vs UE d'Horta, 18:00etan.

Azaroak 18, zapatua

  • Leioa Waterpolo vs Concepción - Ciudad Lineal, 18:00etan.

Abenduak 2, zapatua

  • Leioa Waterpolo vs Las Encinas de Boadilla, 17:00etan.

Urtarrilak 13, zapatua

  • Leioa Waterpolo vs CN Cuatro Caminos,17:00etan.

Otsailak 3, zapatua

  • Leioa Waterpolo vs CW Elx, 18:00etan.

Otsailak 24, zapatua

  • Leioa Waterpolo vs CN Catalunya, 17:00etan.

Martxoak 10, zapatua

  • Leioa Waterpolo vs CDN Boadilla, 17:00etan.

Apirilak 7, zapatua

  • Leioa Waterpolo vs AE Santa Eulàlia, 17:00etan.

Apirilak 28, zapatua

  • Leioa Waterpolo vs Waterpolo '98'02, 18:00etan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun