Kultur Leioatik "kanporatu" dute Artedrama

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 25a, 16:31

Artedramako kideak, artxibok irudian.

"Penaz eta ezintasunez" esan diete agur leioaztarrei Artedrama arte eszenikoen plataformako kideek; izan ere, EAJren eta PSE-EEren "Udal Gobernuaren erabaki politiko batengatik" Kultur Leioako antzerki-talde egoilarra izateari utzi behar izan diotela salatu dute, gutun bidez.

2012an iritsi zen Artedrama, Leioara. Denbora horretan guztian, Ana Lopez Kultura eta Gazteria zuzendariak emandako "laguntza, konpromisoa eta babesa ezinbestekoak" izan direla adierazi dute arte eszenikoen plataformako kideek; Leioako ikuslegoari ere eskerrak eman dizkiote. "Zoritxarrez, azken agintaldian ez dugu sentitu nahikoa bultzada politikoa, hutsune legalengatik, baina bereziki borondate faltagatik", deitoratu dute antzerki-taldekoek. Bost urteko harreman artistikoa bertan behera utzi du "erabaki politiko batek". Artedramakoek diotenez, "ez dugu jaso ase gaituen argumenturik".

Hemen, gutun osoa:

Agurra

Egunon,

Bost urte eta erdi luze ez ditugu nolanahi pasatzen utzi nahi, eta horregatik, Artedrama arte eszenikoen plataformako kideak gutun forman agurtzen gara Leioaz.

Gurea ez da antzerki talde arrunt bat, hortik plataforma deitzea; egiten dugunaren ardura publikoa oso presente duen antzerki taldea gara. Euskal Herri osoan lan egiten dugu, zazpi lurraldeetan, eta Leioa gurekin, gure proiektuarekin batera eraman dugu orain arte.

2012ko otsailean, babesa eman zigun Leioako Udalak Kultur Leioan. Ordutik, herri honetako euskal sorkuntza eszenikoen motorra izaten ahalegindu gara, antzerkiaren eskutik bizia ekartzen herriari eta baita ekonomia bat ere. Bide horretan, hasieratik jaso genuen orduko hautetsi politikoen onespena, eta jakina, Ana Lopez Kultura eta Gazteria Zuzendariaren laguntza, konpromisoa eta babes ezinbestekoa, talde bezala handitu eta sendotzea ekarri diguna.

Antzerki taldeen egoitza naturala antzokiak izan behar luke, eta naturala ere antolatzaile eta sortzaileen arteko sinergiak. Elkarlan horretan, nahi eta ilusio handia egon da gure partetik, baina zoritxarrez azken legegintzaldian ez dugu sentitu nahikoa bultzada politiko, hutsune legalengatik, baina bereziki borondate faltagatik. Hori dela eta, bost urteko harreman artistiko honekin ezin izan gara nahi genuen lekuetaraino heldu.

Gure kanporatzea, udal gobernuaren erabaki politiko bat izan da, zeinarekiko ez dugun jaso ase gaituen argumenturik. Soilik, eta antza denez, erabaki honekin antzerki talde egoiliarren programa osoa ezabatzen dela Leioan, Eusko Jaurlaritzak orain dela urte batzuk bultzatutako  bide estrategikoaren aurka.

Ibilitako bidean izan ditugun lorpenekin pozik, Leioako ikuslegoarekin eskertuta, eta aldi berean bide honek izan duen bukaeraren pena eta ezintasunarekin, bagoaz.

Ez adiorik,

Artedrama

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun