"Tigre"-ren errotulua eta oroitarria kentzeko epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko du Leioako Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 25a, 16:58

Ikurrina, argazkia eta lore-sorta Eugenio Salazarren hilketaren urteurrenean.

GALek hildako Eugenio Gutierrez Salazar "Tigre" errefuxiatu leioaztarra zena gogorarazteko errotulua eta oroitarria Ikea Barri plazatik kentzeko eskatu dio Bizkaiko PPk Udalari; izan ere, popularren berbetan, Bilboko Administrazio Auzitegiko 1. Epaitegiak "bi hilabeteko epea" eman die bertoko agintariei "ETAko kidea zena" oroitzeko elementuak garbitzeko; sententzia plazaratu du epaitegiak. Hala ere, Udalak helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du Mari Carmen Urbieta alkateak.

"Daborduko Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariak eskaera egin zigunean hainbat zalantza sortu zitzaizkigun. Gutierrezen aldeko errotulua eta oroitarria jabetza pribatuko guneetan ipinita daude", azaldu du udal-agintariak. Horrez gainera, "nahiko bihurriak" ziren eskaera hori egiteko argudioetako batzuk, Urbietaren berbetan: "Bide publikoaren erabilera eta garbiketa eta herritarren elkarkidetza arautzeko ordenantza ipini zuten mahaiaren gainean", azaldu duenez. Orain, Bilboko Administrazio Auzitegiko 1. Epaitegiak plazaratutako sententziari aurre egiteko, helegitea aurkeztuko dutela iragarri du Leioako alkateak; EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztuko dute. "Leioako Udalak dauzkan prozesu judizial guztietan bezala, azken hariraino eroango dugu kontua", amaitu du Urbietak.

GALek hil zuen

Eugenio Gutierrez Salazar "Tigre" 1984ko otsailaren 25ean hil zuen frankotiratzaile batek, errefuxiatu-talde bategaz Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoela. Euskara-ikasketen atsedenaldian baserriaren atarira irten zenean tiro bat jaso zuen eta bertan gelditu zen hilik. Hilketa GALek beregain hartu zuen, baina orain arte inor ez da akusatua izan bere heriotzagatik. 29 urte zituen leioaztarrak.

2003ko azaroan, Guardia Zibilak terrorismoari buruz abiatu berria zuen webgunean, lehenengo aldiz onartu zuen Estatu espainiarrak Gutierrez eta beste 27 euskal herritar "GALen ekintza terroristen" biktimak izan zirela. El Mundo egunkariak hori salatu eta ordu batzuetara aipatu zerrenda kendu egin zuten. "Tigre" Leioan jaio zen 1955eko urtarrilaren 14an eta ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatu zioten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun