Azaroaren 25a Uribe Kostan

Gazteek sexu-erasoei ez, Leioan

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 23a, 16:22

Aurten kontzentrazio bi egongo dira: bata, barikuan, ikasleek parte har dezaten; bestea, zapatuan.

Azaroaren 25eko ekimenen artean, ohi den legez, Leioako hainbat ikastetxetako neska-mutilek ere salatu egingo dute emakumeenganako indarkeria; Udalaren Berdintasun Saila hezkuntza-zentroakaz elkarlanean dabil, hainbat ekintza aurrera eroateko. Berbarako, bariku honetan, azaroaren 24an, eurentzat beren beregi deitutako kale-agerraldian parte hartuko dute 500 ikaslek baino gehiagok. Elkarretaratzea 12:00etan izango da, Boulevarden.

Jarduerei jarraituz, udalerriko ikastetxe denetan egingo dute tapoi-batzea, 2018ko maiatzera arte; batutako tapoiak diruagaz trukatuko dituzte. Horregaz batera, "Jaia geurea, gauean ere bai" goiburua erabiliz, kartel-lehiaketa antolatu dute; ikastetxe denen artean egingo da eta kartel irabazlea 2018ko jaietan erabiliko da eraso sexisten kontrako irudi legez. Modu berean, hezkuntza-zentro irabazleak tapoi-bilketan lortutako dirua jasoko du, Amaia Celis berdintasun-teknikariak azaldu duenez.

Bestalde, Andrak emakumeen elkarteak Udalagaz batera egingo ditu ekitaldiak. Hala, gaur, eguenean, azaroaren 23an, Emakundek ekoitzitako "Volar" dokumentala ikusteko aukera egongo da, 19:00etan, Kultur Leioako entzungelan. Gonbidapenak Gizarte Zerbitzuen egoitzan jaso daitezke. Bestalde, zapatuan, azaroaren 25ean, elkarretaratzea egingo dute, Boulevarden, 12:00etan. Ekimen berriei dagokienez, azaroaren 24ra arte, Indarkeriaren kontrako alderantzizko graffitiak ikusteko aukera egongo da; lekua eta orduak ez dituzte zehaztu oraindino. Azkenik, Kutxa morea postontzi birtuala zabaldu du Udalak, bere webgunean; leioaztarrek emakumeenganako indarkeriaren kon­trako mezuak idatzi ahal izango dituzte bertara helarazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun