"Aurrekontuak EH Bilduren herri-asanbladan aztertu ostean, argi geratu zitzaigun aurkeztu zaigun aurrekontu-proiektuak gabezia nabariak zituela, eta honen aurrean Leioako EH Bilduk emendakin partzialen bidez hauek hobetzeko beharrezko proiektuak aurkeztu behar genituela", azaldu zuten atzoko prentsaurrekoak Aritz Tellitu eta Naiara Goiriena zinegotziek.
Ezkertiarrek aurkeztutakoeen desberdinen artean berebiziko pisua hartzen dute auzoen beharrizanak asetzeko proposamen zehatzak; izan ere, "Udal Gobernuaren aurrekontuen zirriborroan auzo desberdinen beharrizan konkretuak ez dira agertzen", Tellituren eta Goirienaren arabera. Hala, bederatzi proposamen zehatz egin ditu EH Bilduk; milioi 1 euro baino gehiago suposatzen duen aldaketak egin gura dituzte. Horien artean, Sabino Arana kalea oinezkoentzako bilakatzea, Pinueta auzorako erreforma integrala eta aparkaleku publikoa, Lamiako-Txoperarako proiektu desberdinak (kultur etxea, erreka berreskuratu eta paseo bat burutu…) edo Kandela Zubieta auzoaren birmoldaketa eskatzen dituzte. Bestalde, Hirigintza alorrean, emakumeentzat arriskutsuak izan daitezkeen kaleko "puntu beltzegaz" bukatzeko partida martxan ipintzea proposatzen dute.
Etxebizitza eta aisialdia
Kirolei dagokienez, lau proposamen aurkeztu dituzte: auzoetan kirol ekipamenduak sortzeko proiektua, kirol teknikariaren kontratazioa eta kirol ekipamenduen plan integrala. Horiekaz batera, "Leioak behar duen kiroldegi berria" eraikitzeko partida sortzea eskatzen du EH Bilduk, azpiegitura berri hori lehenbailehen eraikitzen hasteko helburuagaz.
Bitartean, "etxebizitza duin bat eskuratzeko eskubidea leioaztar guztioi bermatzea gura dute", bereziki gazteen emantzipazioa bultzatzeko helburuagaz. "Lehendabiziko gauza udal-etxebizitza sozialen parkea sortzea izango litzateke; eta bigarrenik, gazteen emantzipazioa bultzatzeko diru-laguntza martxan ipintzea, alokairuzko etxebizitza baten bidez emantzipatu gura duten gazteei laguntzeko", azaldu dute Tellituk eta Goirienak.
Mugikortasun alorrean, helburu "argia" daukate koalizio ezkertiarrak aurkezturiko proposamenek: bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzea. "Horretarako, bizikleta plan integrala proposatzen dugu, egungo bidegorri sarea behar bezala ipini eta berau Leioa guztian garatzeko helburuagaz. Horregaz batera, bizikleta-alokairu publiko eta aparkaleku publiko sistema proposatzen dugu", adierazi dute.
Azkenik, auzoetako kultur programazioetan proposatzen duten igoeragaz batera, Mendibile Jauregia elkarteen etxea bilakatzea, aste-akabuetako aisialdi-eskaintza handitzeko plana eta elkarteek antolatzen dituzten ekimenak sustatzeko diru-laguntzak eskatzen dituzte.