Zabaldu duten oharra
Ikasturte honetan, Leioako Ikasle Mugimendutik behar ezberdinak ikusi dira. Izan ere, nabariak dira ikasleon behar inmediatoak: fotokopietan, eskola materialean, matrikuletan... alde batetik, eta bestalde janarian, etxebizitza edo alokairuan... gastatu beharreko dirutza. Horiek adibide gutxi batzuk dira, baina argi izan behar dugu arazoa kolektiboa dela eta kolektiboki erantzun beharraz gain, bizitzako esparru guztietan eragiten digula.
Horrekin batera, ikasleon proiektu propioak garatzen hasteko leku fisiko baten premia ikusi da. Hori dela eta, erabilerarik ez duen eta guztiz hutsik dagoen Gurutze Gorria egon ohi zen eraikina horri ekiteko leku idealtzat jo eta okupatu genuen ikarturte hasieran. Eraikinaren erabilpen eza dela eta, hura txukundu eta erabilera ematen hasteko neurriak hartzea geure gain hartu genituen.
Unibertsitatearen erantzuna aldiz, errepresioa izan da. Proiektu honetan lanean ari ziren ikasleak jazarri ondoren, eraikina hainbatetan itxi digute jada. Gu ordea, bertan sartu gara itxi diguten bakoitzean, proiektu honek merezi duela uste baitugu. Gaurkoan ere, eraikina berreskuratzea erabaki eta gure proiektuak garatzeko espazioaren aldeko borrokan berretsi gara.
Erabilerarik ez duen lokal hori beste harreman sozial batzuen, hots, beste funtzionatzeko era baten baitan kokatzen dugu. Burgesiaren boterearen oinarri materialtzat jotzen dugu desjabetuok kapitalarekiko dugun dependentzia. Izan ere, langileria ez da gai ekoizpen modu kapitalistatik at, hau da, merkatuaren bidez ez den modu batean astetzeko bere beharrizanak. Horrek burgesiaren kapital metaketa areagotzea dakar, marko horretan parte hartzen dugun bakoitzean gure desjabetu egoera erreproduzituz.
Horregatik, gure bizitza esparruen jabetza eskuratzera salto egin eta berau artikulatzea beharrezkoa dugu. Kontziente gara eraikin honek proiektu propioak garatu eta gure botere politikoa eskuratzera bidean, forma materiala hartuko duten aurrerapausoak emateko izan dezakeen garrantziaz. Izan ere, gure emantzipazio soziala lortu nahi badugu, gure bizitza esparruen jabe egiten hasi nahi badugu, momenturen batean beharrezkoa dugu beste logika baten baitan kokatuz, gure beharrizanak guk geuk asetzeko gai izatea.
Hori dela eta, gure apustua jabetza kolektiboaren aldekoa da, hots, desjabetuak garenon artean gure beharrak asetzeko elkartasunaren aldekoa. Lokal honek eskainiko dituen baliabideak ikasleriaren eta orokorrean, hauen beharra duten langileriaren sektoreen zerbitzura jarriko ditugu. Hau guztiagatik, dei egiten diogu Leioako Ikasle Mugimenduari lokal horren defentsara batzera eta bertan garatuko diren proiektuetan ekarpena egitera.
Ikasleok saretu eta antolatu!
Gora ikasleon borroka!
Albiste hau Argia.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.