Landaketa saioa Leioako natura guneak ezagutzeko aukera bikaina da, Herrigunek adierazi duenez. Egunaren lehenengo ekintza ibilaldi bat izango da, Kultur Leioatik Bolunbururaino. Bertan, Lurgaia Fundazioaren gidaritzapean, landaketa-lanak hasiko dira. Lanaldiaren ostean, indarrak berritzeko hamaiketako goxo eta osasuntsua dastatzeko aukera egongo da, sasoiko frutaz osatutakoa; baina, bakoitzak gura duena eroan dezake etxetik.
Bolunburura hurbiltzeko ez da beharrezkoa material berezirik eroatea; landaketarako beharrezkoak diren material eta tresna denak bertan eskuragarri egongo dira. Dena den, hurrengo gomendioak jarraitzea lagungarri izan daitekeela diote udal-iturriek:
- Naturgune batean lanean egoteko arropa eta oinetako aproposak eroatea. Mendiko oinetakoak eta arropa izango lirateke egokienak; baina, horiek ez izatekotan, arropa eta oinetako erosoak eroateagaz nahikoa litzateke.
- Hotza dela eta, arropa beroa ere eroatea komenigarria da. Beroki bakarra jantzi beharrean, hainbat arropa kapa ipintzea egokiagoa da, behin landaketa lanetan murgilduta hotz-sentsazioa txikiagotzen delako.
- Eguraldi gorabeherak egotekotan, euritik babesteko zira eroatea.
Non dago Bolunburu?
Bolunburu Barandiaran institutuaren eta Askartza Claret ikastetxearen atzealdean dagoen Leioako gune naturala da. Ingurumena ahalik eta gehien babesteko asmoz eta egunaren planargaz bat egiteko, familiei kotxea ez erabiltzeko erronka proposatzen zaie. Horren ordez, oinez hurbil daitezke eta familia artean ohitura osasuntsuak landu. Aproposena Kultur Leioan biltzea izango litzateke, denak batera Bolunbururaino ibilbidea egiteko; baina, familiek ere euren kabuz Bolunbururaino igo daitezke eta bertan elkartu.
Norbaitek oinez hurbiltzeko zailtasunak baditu, kotxearen ordez garraio publikoa aukera ona izan daiteke. Bizkaibuseko A2161 lineak (Bizkaiko Zubia-EHU) bertatik oso gertu geltokia dauka. Zelangura ere, norbaitentzat kotxean joatea premiazkoa bada, bertan aparkaleku gutxi daudela gogoratu dute udal-arduradunek. Bertatik gertuen dagoen parkinga EHUkoa da; hortaz, autoa bertan huts daiteke eta Bolunbururaino oinez hurbildu.