Bizkaiko ahots zuriek musika jarriko diete Gabonei

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 15a, 16:17
Leioako Kantika Koralagaz batera, Bilboko Koral Elkarteko umeen abesbatzak eta Gernikako Gaudeamus Koralak kantatuko dute, Euskalduna Jauregian. © LEIOAKO MUSIKA-ESKOLA

Bilboko Koral Elkarteko umeen abesbatzak, Leioako Kantika Koralak eta Gernikako Gaudeamus Koralak berriro elkartuko dira Bilboko Euskalduna Jauregiko agertokian. Zapatu honetan, abenduaren 16an, Gabonetako Soinuak kontzertua eskainiko dute zortzigarren urtez jarraian, umeentzat eta umeek egina. Kontzertua egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren eta la La Caixa Gizarte Ekintzaren laguntza izan dute. Sarrerak daborduko eskuragai daude leihatila fisikoan eta birtualean; salneurria 5 eta 15 euro bitartekoa da. Kontzertua 19:00etan izango da.

Gabonetako Soinuak, Bilboko Koral Elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta La Caixa Gizarte Ekintzaren lankidetzagaz antolatutako kontzertua, egun seinalatua da abenduko egutegian. Aurreko edizioetan izandako arrakastak bermatuta, bertoko talenturik gazteena berriz izango da, Gabonetan, Bilboko eszenan.

Aurkezpenean, Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru-diputatuak adierazi zuenez, "Gabonetako Soinuak kategoria handiko kontzertua da eta bertan kalidade oso handiko umeen ahotsek argi erakusten deuskue  talentua bizirik dagoala Bizkaian, ezelango duda barik Bizkaiko ahotsek etorkizuna daukiela eta, horren guztiaren adibide txikia gaur aurkezten dogun musika-ekitaldia da, gaztetasuna, talentua eta kalidadea batzen dauzana".

Kontzertuari hasiera emateko, Bilboko Koral Elkarteko ahots gazteenek, Anus Cividian piano-jotzaileak lagunduta, ondoko abestiak kantatuko dituzte: A. Snyderren "Amani", L. Cohenen "Hallelujah", R. L. Hughen "Clear Water", R. E. Schramen "Sing We All Noel", J. Rutterren "The Colors of Christmas" eta J. Elberdinen "Bidetik datoz". Jarraian, José Luis Ormazábalek Basilio Astulezi emango dio makila, eta honek, Itziar Barredo piano-jotzaileagaz, Ander Lekue perkusionistagaz eta Kantika Koralagaz batera, ondoko obrak eskainiko ditu: M. Smileyk moldatutako "Bring me Little water, Silvy", E. Esenvaldsen "Spring, the sweet spring", E. Podgaitsen "Benedictus", X. Sarasolaren "Identity", J. Felicianoren "Feliz Navidad", E. Laschkevitzek editatutako "Samba Lelê" eta Beyoncéren "Single Ladies". Ondoren, Gaudeamus Koralak, Julia Foruriaren zuzendaritzapean, Gabon-kanta hauek abestuko ditu: "El Tamborilero" eta "Carol of the bells", J. Elberdinek harmonizatuta; Handelen "Hallelujah"-ren M. Warren eta M. O. Jacksonen bertsioa; eta doinu tradizionalak, hala nola, A. Werinen "Suo-gân" sehaska-kantaren R. E. Scharamen moldaketa, eta I. Gonzalez eta U. Sorazuren "Neguaren Baita". Gaudeamus Koralak ondoan izango ditu, oholtzan, Jon Artetxe piano-jotzailea, Xabier Gabiola tronpeta-jotzailea, eta Irati Zabala eta Nerea Quincoces perkusionistak. Amaiera emateko, hiru koruek elkarregaz abestuko dute Juan Tony Guzmánek moldatutako "Cantemos a María".

Egitarauak leku eta garai oso desberdinetan zeharreko ibilbidea egingo du, eta Gabonetako bero nahasezina transmitituko die Euskalduna Jauregiko entzunaretoan izango diren ikusleei, bi mila baino gehiagori. Kontzertuan, txikienen ilusioak helduak kutsatuko ditu, eta giro magikoak guztiak bilduko ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun