Artista = prekario? Sortzaileen lan baldintzak aztergai EHUren jardunaldi batean

Argia.eus 2018ko urt. 24a, 11:12

Lanean aritu arren, gehienek ez daukate soldata arauturik. Zergatik? Artistek bizi duten prekarietateari buruzko kongresua antolatu du EHUk ostegun honetan Bilbon. Prekariart jardunaldian artisten lan baldintzez eta haiek hobetzeko alternatibez ariko dira bi egunez.

Antolatzaileek azaldu duten moduan, kulturaren eta sormenaren industria sektore ekonomiko funtsezkotzat jotzen da gaur egun. Baina paperean alor horretako lanari aitortzen zaion garrantzia gutxitan dator bat langileek trukean jasotzen duten diru-aitortzarekin. Laburbilduz: artistak oso modu prekarioan bizi dira.

Sormenarekin lotutako enpleguek eskaintzen dituzten baldintza kaxkar horien kausak aztertu nahi dituzte Prekariart Nazioarteko I. Kongresuan. Bilboko Bizkaia aretoan ostegunean hasiko den jardunaldian, auziaren iltze ugari joko dituzte.

Hizlarien artean 1983an Nobel Sari Alternatiboa irabazi zuen Manfred Max-Neef besteak beste: ekonomialari txiletar honek ostiralean arratsaldeko 17:30ean emango duen hitzaldian ekonomia ekologikoaren filosofiaz hitz egingo du.

Max-Neef ezaguna da 1990ean “atalasearen hipotesia” plazaratu izanagatik. Planteamendu horren arabera, garapen ekonomikoa puntu batetik aurrera kaltegarria izan daiteke herritarren bizi kalitatearentzat, hazkunde kuantitatiboa garapen kualitatiboarekin lotuta ez badago.

Jardunaldiaren lehenbiziko egunean izango da Madrilgo Complutense Unibertsitateko Eva Moraga ere, artisten prekarietatean eragiten duten aspektuez hitz egiten, baita Espainiako Estatuko 80 kultur elkarte eta eragilek baino gehiagok osatutako Artistaren Estatutuaz ere.

Auxkin Galarraga soziologoak (EHU) euskal artisten formazio eta ibilbideez hitz egingo du, 2013ko INNOCREA inkestatik abiatuta eta, haren atzetik, Marta Perezek eta Isidro López-Apariciok Espainiako Estatuko artisten jarduera ekonomikoari buruzko ikerketaren berri emango dute, kongresua irekiko duen arratsaldean.

Ostiralean berriz, Ruth Towse ekonomialari britainiarrak gai polemikoa ekarriko du: copyright-aren zeregina sortzaileak babesterako orduan. Anberesko Unibertsitatetik datorren Pascal Gielen soziologoak berriz, titulu probokatzaileko hitzaldia iragarri du: “Lan sortzaile jasangarria politika liberal errepresiboen garaian”.

Hitzaldiez gain, kongresuak izango ditu eztabaidarako tarteak ere. Egitarau osoa EHUren webgunean kontsulta daiteke.  

Artikulu hau Argiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun