Urratsez-urrats, Euskal Herriko geologiak gordetzen dituen iraganeko pasarteak irakurriz, gure paisaia ulertzera lagunduko digun dokumental dibulgatiboa da "Lurraren bidean". Aranzadi Zientzia Elkartearen eta EHUren gidaritzapean ekoiztu dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Leioako Udalaren, Otxoa de Barandika Fundazioaren eta EITBren kolaborazioagaz. Milioi urtetan zehar bidaiatuz, itsaso tropikaletik glaziarretara pasaz, itsas-sakoneko eremuetatik laku ertzetara irristatuz, bizi gareneko lurrari argia emango dion ikus-entzunezkoa ekoiztu du ikertzaile eta kultur eragile anitzek osaturiko lantaldeak.