Herrigune Leioak urteari hasiera emango dio joko handia emanez. Leioako herritarren parte-hartze aktiboa sustatzeko lanean 17 urte daroatzan udal-proiektuak udalerria itxuraldatuko du. Gainera, horrela, Leioako Udalak jolasarekiko hartu zuen konpromisoa berreskuratuko du, 2001etik auzokideek euren altxor eta ondasun preziatuenak udaletxearen ondoan lurperatu zituztenetik. Izan ere, jolasa ikaskuntzarako, garapen pertsonalerako eta hazkunde kolektiborako tresna gisa ulertzea Herrigune Efektua kanpainaren espiritua da. Jenga jolasarekiko analogia baten bidez, eta "Jolastu, eraiki, parte hartu" goiburupean, leioaztarrek euren burua zabaltzeko eta, kontzienteki zein ez, beren bizitzei jolasak ekartzen dien aberastasun guztia ezagutzeko behar diren tresnak eskura izango dituzte.
Jenga swahiliren hitza da eta eraiki esan gura du. 54 piezek osatutako talde-jolasa da, zeinetan solairu bakoitzean hiru pieza dauden dorre bat osatu ostean, parte-hartzaile bakoitzak, txandaka, piezak atera behar dituen eta goialdean ipini. Jolasaren helburua ahalik eta dorrerik altuena osatzea da, berau eraitsi barik. Jolasaren dinamikak Herriguneren baloreakaz dauzkan "antzekotasunak" begi-bistan daude, udal-iturrien arabera: "pieza guztiek balio bera daukate, elkarrekiko babesa eta laguntza ezinbestekoak dira aurrera egin ahal izateko, jokalariei erabakitzeko askatasuna ematen die, eta hautabide berriak eskaintzen ditu, berbarako, eraitsitakoa berreraiki eta berriro hasi". Horrez gainera, jolas guztietan legez, esperimentatzeak ikaskuntza dakar.
Jenga Truck
Otsailaren 2ra arte, Jenga Truck kamioia kaleetatik ibiliko da Leioako 20 puntu jolaserako gune mugikor bihurtzeko. Goizean, 10:30etik 14:00era eta, arrastian, 16:00etatik 19:00etara, kamioian beti joango da monitore bat eta entrenamendu bezala balioko du Herrigunek datorren otsailaren 3rako proposatzen duen Jenga Eguneko erronka komunitariorako: denon artean ahalik eta dorrerik altuena eraiki.
Erronka 12:00etan hasiko da, Leioako Sabino Arana kalean (euria balitz, stoan). Ehun mahai ipiniko dituzte ehun Jenkagaz; eta parte-hartzaileek, taldeka antolatuta, aukera izango dute gura beste aldiz Jengako dorre altu bat eraikitzen saiatzeko. Gehienezko altuera lortu dutela uste dutenean, epaile bat hurbilduko da hura neurtzeko. Azken emaitza dorre guztien batuketa izango da.
Arauak errazak dira:" antola ezazu sexu eta adinari dagokienez anitza den talde bat eta eman izena 944 029 780 deituz, zure izen-emate orria Leioan zehar egongo diren Jenga buzoietan sartuz, edo Jenga Truck monitoreari orria emanez. Talderik ez badaukazu, ez zaitez kexka eta utzi Herriguneri antolatzen laguntzen".
Edizioaren ustekabe handietako bat Jengaren sortzailea den Leslie Scott Leioan egotea izango da; otsailaren lehenengo aste-akabuan udalerrian egongo da, Jenga Truck ekintzetan parte hartzeko. Gainera, berbaldi partizipatibo bat emango du, eta ohorezko epailea izango da Jenga Eguneko erronka komunitarioan.
Herritarren parte-hartzea
Halaber, Herrigunen parte hartzen duten lantaldeek ere euren protagonismoa izango dute; Jenga Truck-ek lantaldeek (herrritarren taldeak) antolatutako jarduerak ere eroango ditu, urte osoan zehar egiten duten lana ikustarazteko. "Pertsona heterogeneoek osatutako taldeak dira, helburu komun baten inguruan elkartuta euren interesekin lotutako jarduerak egiteko eta ezagutzak partekatzeko biltzen dira", azaldu dute udal-arduradunek.
Oraingoz, Herrigunek zortzi lantalde dauzka: Eskulanak, Margolanak eta Konpontze-lanak, sorkuntzagaz zerikusi handiago duten arloetako taldeak dira; Trantsizioa, iraunkortasunaren bila; Ekotalde, adin desberdinetako gazte-taldea haurren parte hartzea sustatzeko; eta Frantsesa, Ingelesa eta Euskera, hizkuntzak ikasteko gunea. Jakin-nahiak dauzkan edozein herritarrek bere lantaldea osatu edo jadanik existitzen batean parte har dezake.