Ikastetxeko irakaslea zenari salaketa ipinitako Gazteluetako ikasle ohiaren abokatuak urtarrilaren 30ean aurkeztu zuen egitateen kalifikazio-txostena. Ustez, gazteari sexu-abusuak egin zizkion maisuak, mutilak 12 urte zituela, 2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetan. Hori dela eta, delitu horrengatik eska daitekeen kartzela-zigorrik handiena eskatu du Leticia de La Hoz letraduak: hamar urte.
Leticia de La Hoz abokatuak "jarraikako sexu-abusu delitua" ere gaineratu du kalifikazio-txostenean; horregatik, lau urte eta erdiko espetxe-zigorra ipiniko liokete Opus Deiko ikastetxeko irakaslea zenari. Hala ere, urte horiek ez litzaizkioke gehituko "sexu-abusuen delituagatik" zehaztutako kondenari.
Fiskaltzak hiru urteko espetxealdia baino ez zuen eskatu akusatuarentzat, eta horrek erabat sumindu zituen gaztearen gurasoak: "Hiru urteko kartzela-zigorra ez da nahikoa gure semeak sufritzen eman dituen hamar urteak arintzeko". Bitartean, akusatuaren abokatua den Eduardo Ruiz de Erenchunek "erabat" ukatu egin ditu bere bezeroaren kontrako akusazioak. Horretarako, Antonio Manzanero Madrilgo psikologo forentseak egindako txostenean oinarritu da: "2010etik gazteagaz egon diren adituetako batzuek egin dituzten akats larriak eta manipulazioak agerian geldituko dira idazki horregaz", adierazi du abokatuak.