Sabino Arana kaleko obren lizitazioari hasiera emango dio Leioako Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 14a, 16:31

Sabino Arana konpontzeko 4.055.860,66 euro gastatuko dituzte.

Agintari leioaztarren asmoa lanak lehenbailehen hastea da, “jokabide azkarra behar duen premiazko beharra delako”. Obrak udagoienean has daitezke.

Tranbiaren pasabideari dagokionez, oraindik Eusko Jaurlaritzak ez du erabaki bat hartu, "baina baikorrak ez izateko arrazoiak daude, behintzat epe motzean", udal leioaztarreko agintarien berbetan. "Leioako Udalak kaleko auzotarrakaz eta merkatariakaz izandako bileren ostean, kale hau hobetzeko azken proiektua egin baino lehen, mesfidantza handia antzeman zuen haien aldetik garraio publiko hau kale honetatik pasatzen zelako", azaldu dutenez. Horrek hainbat ondoz ondoko batzar ekarri ditu Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen proiektuaren erakunde arduradunagaz, proiektua dagoen gaur egungo egoerari irtenbide bat bilatzeko asmoz; eta, horrela, EHUko campusa eta metro-geltokia lotzeko irtenbiderik egokiena bilatzeko, epe zehatzean.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak ikerketa desberdinak egiten dihardu egon daitezkeen aukeren gainean eta behin betiko irtenbidea hilabete batzuk atzera liteke, udal-iturriek diotenez. Baina, bitartean, Leioako Udalak "beharrezkoa eta premiazkoa" deritzo Sabino Arana kaleko obrak hasteari, kaleak berriztatze integrala behar duelako, bai azaleko zatian, bai lurpean, dauden zerbitzu sare desberdinak ordenatuz (ur-hornidura, saneamendua, elektrizitatea eta telekomunikazioak).

Egoera honen aurrean, Leioako Udalak hilabete honetan bertan obren lizitazioari hasiera emango dio. Obrak 12 hilabetez luzatuko direla aurreikusten da eta 4.055.860,66 euroko zenbatekoa daukate. Zehatz-mehatz, berriztatze honek kalearen oraingo itxuraren birmoldaketa dauka helburu. Oinezkoentzat egingo da erdizka, kalean garajea duten autoek bakarrik izango baitute sarbidea. Hala ere, honek ez du aparkatzeko tokiak galtzea ekarriko, kale-mugakideak ere berrantolatuko direlako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun