Gizarte-laguntzetan banatutako diruak gora egin du Leioan

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 17a, 10:00

Premiazko egoerei aurre egiteko laguntzen dirua udal-kutxatik ateratzen da osorik. HODEI TORRES

Txirotasun energetikoa aintzat hartzea eta hipoteka ordaintzeko diru-laguntza bost urtez eskatu ahal izatea dira arrazoi nagusiak.

Gizarte-laguntzetan 636.397 euro banatu zituen 2017an Leioako Udalak. Zehazki, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara (GLL) 425.985 euro bideratu zituzten agintari leioaztarrek; horri esker, udalerriko 246 sendiek jaso zuten ustekabeko gastuei aurre egin ahal izateko dirua. Udal-iturriek nabarmendu dutenez, Leioako administrazio publikoak 140.000 eurogaz osatu behar izan zuen Eusko Jaurlaritzak emandako 285.767 euroko partida. Hala, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan banatutako diruaren herena leioaztarren poltsikoetatik atera zen; izan ere, bertoko agintariek azaldu dutenez, tokian tokiko Gizarte Zerbitzuak arduratzen dira Eusko Jaurlaritzak emandako dirua banatzeaz.

Dirua faltan

Hala ere, ez da nahikoa izaten, behar duten herritar denei laguntza emateko. Udalaren arabera, "azken urteotan gora egin du arlo honetara bideratutako zenbatekoak". Datuak datu, 2016an, 385.000 euro banatu zituzten; horietatik 100.000 euro Leioako udal-kutxatik atera ziren. 2015ari dagokionez, Lakuako Gobernuak 353.000 euro ipini zituen eta beste 75.000 euro behar izan ziren. Agintari-leioaztarren berbetan, bi dira Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara diru gehiago bideratu behar izatearen arrazoiak: "alde batetik, Eusko Jaurlaritzak GLLak banatzeko araudia aldatu zuen, txirotasun energetikoa aintzat hartzeko. Horrez gainera, urte batetik bost urtetara luzatu zuten hipoteka-maileguak ordaintzeko diru-laguntzak eskatzeko aukera", azaldu dutenez. Laguntzen %24 hipoteka pagatzeko izan ei dira.

Etxebizitza

Premiazko egoerei aurre egiteko laguntzei dagokienez, diru dena udal-kutxatik ateratzen dela nabarmendu dute agintari leioaztarrek; jasotako eskaeretatik % 98,65 aintzat hartu dituzte. Hain zuzen ere, horietatik denetatik 117.600 euro (%55) ondokoetara bideratu dituzte: etxebizitzaren mantenua, alokairuko gastuak, berrakuratzea eta etxebizitzara sartzea. Horrez gainera, 21.600 euro eman dituzte hipoteka-maileguek eragindako zorrak kitatzeko.

Diruz lagundutako beste kontzeptuen artean daude oinarrizko beharrizanak (betaurrekoak, audiofonoa, haginlaria, elikagaiak, jantziak, zapatak...). Horrez gainera, lehendabiziko aldiz, eskola-materiala erosi ahal izateko diru-laguntza banatu zuten 2017an; Leioako 19 sendiek jaso zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun