GALek hildako 'Tigre' leioaztarra gogoratuko dute eguaztenean

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 20a, 10:05

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren eleduna den Jon Irazolak berbaldia emango du, 19:30ean, Leioako Errekalde plazako adinekoen egoitzan.

Kalera Kalera ekimenak berbaldia antolatu du bihar, eguaztenean,otsailaren 21ean, "Estatuaren gerra zikina Euskal Herriaren aurka" goiburupean; Eugenio Gutierrez Salazar "Tigre" iheslari leioaztarraren hilketaren 34. urteurrena gogoratu gura dute.

Gutierrez Salazar 1984ko otsailaren 25ean hil zuen frankotiratzaile batek, errefuxiatu-talde bategaz Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoela. Euskara-ikasketen atsedenaldian baserriaren atarira irten zenean tiro bat jaso zuen eta bertan gelditu zen hilik. Hilketa GALek beregain hartu zuen, baina orain arte inor ez da akusatua izan bere heriotzagatik. 29 urte zituen leioaztarrak.

2003ko azaroan, Guardia Zibilak terrorismoari buruz abiatu berria zuen webgunean, lehenengo aldiz onartu zuen Estatu espainiarrak Gutierrez eta beste 27 euskal herritar "GALen ekintza terroristen" biktimak izan zirela. El Mundo egunkariak hori salatu eta ordu batzuetara aipatu zerrenda kendu egin zuten. "Tigre" Leioan jaio zen 1955eko urtarrilaren 14an eta ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatu zioten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun