Barikuan, Huts Teatroa euskal konpainiak "Hozkailua" antzezlana taularatuko du, Kultur Leioan. Maite eta Karlos (Patricia Urrutia eta Ander Lipus) herririk herri dabiltza hozkailu zahar bategaz. Hozkailuaren barruan, Londresetik dakarten Jimmy lagunaren hilotza daroate, zin egin baitzioten Jimmyri bere jaioterrian lur emango ziotela. Nongoa zen galdetzea ahaztu zuten ordea. Umorea eta absurdoaren ildotik abiatuta, 80ko hamarkadan bizi izan ziren gazteen erretratua egingo du Huts Teatroak. Zinezko adiskidantza baten istorioa. Gazte zein nagusiei zuzenduta.
Zapatuan, berriz, antzerkia eta musika uztartuko dituzte. Tartean Teatroa konpainiak "Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako historioa" aurkeztuko du. Euskal Herriko kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da. Konpainiaren modukoa: eroa, deskontzertantea, irrigarria azalez… Baina, azal horren poro bakoitzari gure musikarekiko maitasuna dario. Hala, Patxo Telleria eta Mikel Martinez igoko dira oholtza gainera, eta hiru musika-aktorek lagunduko dituzte: horien artean dago Maria Arriaga algortarra.