Leioako Kirol Elkarteko antolatzaileak nabarmendu duenez, "azken urteotan izandako arrakasta eta harrera zabala direla eta", aurten ere Iñaki Sáez campusak erabiliko ditu Leioako Sarrienako kirol-instalazioak. Campus hori 2004 eta 2013 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago. Helburuak dira neska-mutilen futbolari-trebetasunak hobetzea eta kirol horretaz gozatzea eskolako oporretan. Horretarako, "profesional izugarri onek" jardungo dute.
Izen-ematea egin daiteke martxoaren 23ra arte edo leku mugatuak bukatu arte. Lagun Artea futbol-eskolako eta Leioako Emakumeak taldeko jokalariek ohiko legez prezio bereziak izango dituzte (70 euro lehenengo txanda; 95, bigarrena; eta 150, biak). Leioan erroldatutako gaztetxoek edo aurretik campusean ibilitakoek, eta, batez ere, Leioatik kanpo erroldatutakoek gehiago ordaindu beharko dute, gehienez jota 200 euro. Campusak autobus-zerbitzua ere izango du, 30 euroan, txanda bakoitzeko. Leioako klubak 2008tik antolatzen du futbolean hobetzeko campusa, eta Iñaki Sáez Athleticeko jokalari eta entrenatzaile ohiaren laguntza izan du.
Argibide gehiagorako, Iker Casado campuseko arduradunagaz berba egin daiteke honako bitartekoak erabiliz: 675 533 528 eta campusleioa@yahoo.es.