Travellin' Brothers leioztarrek "13th Avenue South" diskoa plazaratu dute

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 21a, 17:20

Travellin' Brothers, artxiboko irudian. © GETXOKO KULTUR ETXEA

Euren zortzigarren diskoa aurkezteko, gutxienez, urte biko bira egingo dute Europa osoan eta Amerikan zehar; lehenengo kontzertua Areetako Andrés Isasi musika-eskolan egingo dute, zapatu honetan, otsailaren 24an, Neguko Bidaia zikloaren barruan. Hitzordua 19:00etan ipini dute eta sarrerak 5 euroan egongo dira.

"13th Avenue South" Nashvillen (Tennessee, AEB) egin du Trabellin' Brothers blues-seikoteak: Brad Jones handiak grabatu eta ekoiztu du, Alex The Great Recording estudioan, eta Jim DeMain-ek masterizatu du Yes Master Studios-en, 2017ko azaroaren 20tik 30era arte. Barikuan salgai ipiniko dute.

Hamar abestik osatzen dute Leioako taldearen lan berriak: horietatik bederatzi jatorrizkoak dira eta hamargarrena Robert Johnson abeslaria zenari egindako omenaldia da. Kantak ohitura zaharrei jarraituz grabatu dituzte: arima daukan aspaldiko estudio batean, denak batera areto berean jotzen, ahotsa barne. Euren estiloari jarraituz, Amerikako erraietatik sortutako musikan barrena bidaia egitea proposatzen digute: bluesetik abiatuta, gospel, swing, jazz, folk, "zideco", "cajún", soul eta country bezalako estiloetatik igaroz, New Orleanseko berezko doinuetan amaituz.

Diskoa grabatzeko, bereziki, musikari biren laguntza izan dute: Alex Schultz New Yorkeko gitarra-jolea eta Earl Thomas Tennessee-ko abeslaria. Horrez gainera, Nashvilleko musikaririk ezagunenak parte hartu dute hainbat abestitan: Steve Conn akordeoi-jolea, Jamison Sevits tronpeta-jolea, Josh Scalf tronboi-jolea, Etta Britt abeslaria eta Brad Jones bera, harmonika joaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun