Hamahiru pertsona intoxikatu dira Leioan, sute batean

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 7a, 11:35
Suhiltzaileek minutu batzuetan amatatu zituzten sugarrak

Sutea arrastiko zortziak inguru piztu zen, atzo, martxoaren 6an. Leioako Iparragirre etorbideko 24. zenbakian gertatu zen; beheko pisuan dagoen bazar txinatar batean. Suteak sortutako kearen ondorioz, lau udaltzain, hiru suhiltzaile eta sei auzokide intoxikatu ziren. Denek alta jaso dute gaur, suhiltzaile bik izan ezik.

Kea eraikin barruko eskaileretatik hedatu zen; horrek eraikina uztera behartu zituen auzokideak. Suhiltzaileek minutu batzuetan amatatu zituzten sugarrak.

Intoxikatutako pertsonak ez zeuden larri; hala ere, sei Gurutzetara, hiru Urdulizera eta beste hiru Basurtoko ospitalera eroan zituzten, SOS Deiako iturriek adierazi dutenez. Leioako Udalak gaur jakinarazi duenez, horiek denek alta jaso dute, suhiltzaile bik izan ezik.

Gaueko 23:00ak aldera, eta hainbat froga egin ostean, bizilagunak euren etxeetara bueltatu ahal izan ziren. Dena den, gau osoan zehar suhiltzaileak bertatik ibili ziren ingurua zelatatzen.

Sutearen zergatia ikertzen ari dira orain suhiltzaileak eta Leioako Udaltzaingoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun