Fernándezek Europa Press albiste-agentziari adierazi dionez, "gauza bat da dispertsioaren amaiera aldarrikatzea eta beste gauza ezberdin bat gure herriko kriminalik gaiztoenak goratzea eta heroiak bailiran aurkeztea". EAEko PPko idazkariaren arabera, "Eusko Jaurlaritzak behingoz ekin behar dio Euskadin dagoen terroristen kultuarekin amaitzeko lanari. Lotsagarria da. Gaur gazte erradikalak izan dira kriminal bati bertsoak eta idatziak eskaini dizkiotenak; Nafarroak atxilotu zutenean 100 kilo lehergai eta lapa-bonba erabili behar zituen gizakiak hiltzeko".
Horrez gainera, omenaldia "erokeriatzat" jo du ordezkari popularrak: "Ertzaintzaren burua zen Carlos Díaz Arcocha lehergaiz eta lapa-bonbaz hil zuteneko urteurrena zen egunean egin zuten ekitaldia".
Espetxea eta heriotza
Etxerat Elkarteak Xabier Rey Urmeneta "Antxo" euskal preso politikoa Euskal Herritik 1.050 kilometrotara dagoen Puerto III espetxean hilik aurkitu zutela jakinarazi zuen martitzenean, martxoaren 6an. Xabier Rey Iruñekoa zen eta 38 urte zeuzkan. Espetxe hartako bizi baldintzak bereziki gogorrak direla salatu izan du Etxerat-ek.
2008an atxilotu zuten Rey Urmeneta, Aurken Solagaz, Araitz Amatriagaz eta Sergio Boadagaz batera. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz egin zuen operazioa Espainiako Poliziak, eta Boadak ez beste denek salatu zuten atxiloketa aldian torturatu egin zituztela. Hala ere, espetxera sartu zituzten laurak, eta 2011n epaitu ostean, errugabetu egin zituzten Boada eta Amatria. Solari eta Rey Urmenetari 26 urteko zigorra ipini zieten.
Hamar urte isolamenduan
Amaia Izko abokatuak egindako adierazpenen arabera, Xabier Rey isolamenduan zegoen duela 10 urtetik. 4 ordu soilik zituen ziegatik ateratzeko eta gainerako 20 orduak bere zeldan egoten zen, bakarrik.
Hamasei preso hilik
EPKK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren arabera, orain arte hamasei preso hil dira espetxean; horietatik zazpi gaixotasunen ondorioz edo osasun arazo batengatik, eta beste bederatzi beren buruaz beste eginda agertu ziren. Beste hamar preso ere hil ziren askatasuna berreskuratu edo baldintzapean aske geratu eta gutxira, espetxean hartutako gaixotasun edo osasun arazoengatik.
Hain zuzen ere, martxoaren 14an beteko dira bost urte Anjel Figueroa Fernández 41 urteko preso algortarra etxean hilik aurkitu zutenetik. Gaixotasun larria eta sendaezina zeukan; arindutako espetxealdian zegoen, bere etxean preso.