Larrakoetxeko zubia ireki du Leioako Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 16a, 13:18

Larrakoetxeko errepidea eta zubia. © LEIOAKO UDALA

Artatzagana eta San Bartolome auzoak lotzen dituen 500 metroko Larrakoetxeko zubia estreinatu zuen atzo Leioako Udalak, Landabarri errekaren gainekoa. Hala, orain Bordeoena parkearen ondoko biribilgunetik, San Bartolomeko ikastetxearen atzealderaino joan daiteke zuzenean.

Kale berri horrek errei bana dauzka noranzko bakoitzean eta baita 77 aparkaleku, espaloi bi eta bidegorri bat ere. Udal-iturrien arabera, "Leioako auzo horien arteko irisgarritasuna hobetzea" ahalbidetzen du. Lehen Peruri auzoa noranzko bakarrean zeharkatzen zuen errepidearen ordezkoa da; beraz, gaur egun Peruritik trafikoa kentzeko aukera zabalik dago, bertako auzokideen autoak bakarrik igaro daitezen etorkizunean. Hala, Udalak aurreikusi du sarbideko zatia San Bartolometik egokitzea eta auzo osoan 20 kilometro orduko abiadura-muga ezartzea, "bizikidetzarako".

Leioandi auzoa

Leioandi auzoan egiten dabiltzan lanak segitu ahal izateko, Udalak “beharrezkotzat" jo du datorren astelehenetik aurrera trafikoa etetea. Alde batetik, St. George’s ikastetxetik gora Artatzagana auzora doan errepidean, eta bestetik, Laubide kalean, Lekuederretik. Artatzaganara doan bidea sei hilabetez egongo da trafikoari itxita. Dena den, beharrek iraun bitartean bertoko auzotarrek eta oinezkoek errepidea erabili ahal izango dute.

Obra horietan, honako berritasun hauek izango dira: Artatzaganako igoeraren trafikoa hobetuko dute; aldats erdian biribilgune bat eraikiko dute; eta errotonda hori udaletxearen alboko biribilguneagaz lotuko dute, kale berri baten bidez. Udalak adierazi duenez, obra horiek "gaur egun Artatzagana, Aldekoena, Sarriena eta Elexalde auzoen eta Lekueder-Estartetxe eremuaren arteko loturak hobetuko dituzte”.

Astelehenetik aurrera eta lanek iraun bitartean, Bizkaibuseko A2161 eta A2166 lineen ibilbidea aldatuko da. Hala, A2161 linea Elexalde etorbidetik igoko da. Hori dela eta zenbait geralekutan eragingo du: behin-behinean desagertuko dira Iñaurratzaga kaleko 20. zenbakiko geltokia, EHUrako noranzkoan, eta Artatzaganako farmaziarena, noranzko bietan. Azken geraleku hori Bordeoena parkearen aurrera mugituko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun