Leioako Ikasle Mugimenduko kideek gune huts bat okupatu dute

Topatu.eus 2018ko api. 9a, 12:38

Okupazioaren uneko irudietako bat. TOPATU.EUS
Gaur goizean okupatu dute Leioako Ikasle Mugimenduko kideek Leioako campuseko eraikin batean kokatuta dagoen gune huts bat; hain zuzen ere, liburutegi atzean. Ikasle mugimenduaren jardunaren beharrei erantzuteko eremua izatea dute helburu.

"Ugariak izan dira espazioaren aferan aurtengoan Leioako Ikasle Mugimenduak jasan dituen erasoak unibertsitatearen partetik", azaldu dute LIMeko kideek. Hainbat okupazio saiakeraren ostean, Gurutze Gorrian sartu ziren orain dela hilabete batzuk; hala ere, desalojatu eta eraikina bota zuten. Eraso guztiak elkarloturik daudela argi dutela adierazi dute. 

Unibertsitatean ematen diren borrokek muga batzuk dituztela adierazi dute, hauen bidez egungo logika zein osotasunarekin apurtu ezin dezaketela gaineratuz; hala ere, epe labur batera begira taktikotzat jotzen dute egungo markoaren baitan izan ditzaketen zirrikituak baliatzea. 

Hori dela eta, Leioako campuseko liburutegi atzean kokatuta dagoen eraikin bateko gune huts bat okupatzea erabaki dute, ikasleen beharrei erantzuteko asmoz. Leioako ikasleei lokalaren defentsara batzeko dei egin diete Leioako Ikasle Mugimenduko kideek, lokala "ikasleon eta ikasleontzat" izan dadin. 

Leioako Ikasle Mugimenduko kideen irakurketa 

Ugariak izan dira espazioaren aferan aurtengoan Leioako Ikasle Mugimenduak jasan dituen erasoak unibertsitatearen partetik. Medikuntzako Asanblada kontseilutik botatzeko saiakera ugariak, Lan harremanetako Ikasle Asanbladak okupaturiko ikasle gela zein Gurutze Gorriaren indarraren bidezko desalojoak (eta azken honen eraispena). Argi dugu eraso guzti hauek elkarloturik daudela eta unibertsitateak instituzio bezala duen beste aurpegietako bat besterik ez dela. 

Horren aurrean, gaur, apirilak 9, liburutegi atzeko kristalera hutsa okupatzearen hautua egin dugu, berau gure proiektuei erantzuteko baliatu ahal izateko. Espazio hau ikasle mugimenduaren jardunerako azpiegitura gisa ulertzen dugu. 

Argi dugu unibertsitatea ez dela espazio neutro bat zeina indar korrelazioaren bidez gure beharrei erantzuteko funtzionarazi dezakegun. Hau da, bertan ematen diren borrokek muga batzuk dituzte, eta hauen bidez ezin dezakegu egungo logika zein osotasunarekin apurtu. Dena den, epe labur batera begira erabaki taktikotzat jotzen dugu egungo markoaren baitan izan ditzakegun zirrikituak baliatzea, adibidez instituzio burgesa den unibertsitatearen baitan ikasle kontseiluak baliatzea kasu. 

Baina aipatutako espazio horiek boteregune formal bezala ulertzen ditugu. Ondorioz, egungo markoaren baitan honen gaindipena eta suntsiketarako epe laburrean baliagarria izan ahal zaigunarekin batera, beharrezkoa deritzogu hauei kontrajarriko zaizkien boteregune errealen artikulazioa. Hau da, marko honetatik at kokatuko diren espazio autonomoen beharra. 

Azkenik, dei egiten diogu Leioako ikasleriari lokal honen defentsara batzera zein bertan garatuko diren proiektuetan bere ekarpena egitera. Lokal hau, ikasleona eta ikasleontzat izan dadin! 

Bestalde, besarkada iraultzaile bat desalojoa jasaten ari diren ZADeko kideei. Jo ta ke! 

Leioako campusean, 2018ko apirilaren 9an

Artikulu hau Topatu.eus agerkari digitalak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu HIRUKAn

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun