Aurreko edizioetan legez, Branke Festa gaur arrastian hasiko da, 19:00etan, erramua Mendibile baserriaren fatxada nagusian ipiniz; hala, txakolina edateko prest zegoela azaltzen zuen ohitura zaharra gogoratuko dute. Erramua ipintzeko ohorea Igor Legarreta zinema-zuzendari leioaztarrarena izango da. Horregaz batera, Leioako Merkatarien Elkarteak saria emango dio zinemagileari. Orain dela gutxi, "Cuando dejes de quererme" bere lehen film luzea aurkeztu zuen. Besteak beste, "El trabajo" eta "El gran Zambini" film laburrak zuzendu ditu eta "Zipi y Zape y la isla del capitán" pelikulan zuzendari eta gidoilari-kide legez lan egin du.
Bitartean, Mendibile Jauregiko laugarren Mural Lehiaketaren irabazlea den Alba Rebollo artista nafarrak "Etxeko Ain" proiektua bukatu du gaur bertan, Mendibile Jauregiko aurreko aldapako harresian.
Azkenik, Turbofun taldeak kontzertua emango du, 20:30ean. Bestalde, Iñaki Uranga buru duen Te mamas & T’empapas musika-taldea zapatuko protagonista izango da, 20:30ean.