Aurten, Udalak, San Juan jaietarako guneak guztiz aldatzeko asmoa du. Eta ohiko txosna-guneak irisgarritasun-baldintzak betetzen ez dituenez, tokiz aldatu beharko da gunea, Udalak dioenez. Gainera, Boulevarden ez da inolako eszenariorik egongo. Eta bi gune horien ordez, Udondo taberna pareko parkinga eta Pinosoloko igerilekuetako parkinga erabili nahi ditu Udalak.
Txosna-batzordearentzat Pinosoloko gunea proposatu du Udalak. Maritxu Teilagorriren asmoen aurka, txosnak herrira hurbildu beharrean, herritik aldendu nahi dituzte. Gainera, gune hori gune beltz bezala identifikatu du Leioako Mugimendu Feministak. Inguruan ez dago inolako bizitzarik, etxe eta denda gutxi, sekulako iluntasuna… bertan txosnak ipini ez izateko sobera arrazoi.
Udondoko gunean, aitzitik, Udalaren programazioa burutuko da.
Udalaren proposamenaren aurrean, Maritxu Teilagorrik ezetz erantzun dio Udalari. Eta horren ordez, Udondoko gunean txosnak jartzea proposatu diogu, Udalarekin batera egitarau partekatua sortuz. Baina ez dute ontzat eman gure proposamena, Udalak "alternatiba ezberdinak egotea" hobesten omen du eta. Hala ere, ez dugu ahaztu behar azken 4 urteotan udalak ez duela musika-talde baten kontzerturik lotu, DJ eta erromerietaz aparte.
Egoera horrela, Udalaren eszenarioa Pinosolon kokatzea proposatu diogu Udalari, eta txosnak Udondon kokatzea. Proposamen hori ere ez dute gustuko izan, Pinosolo "ez baita egokia Udalaren eszenarioa jartzeko”. Aldiz, txosna-gunea bertan kokatzeko “leku ezin egokiagoa” dela deritzo Udalak.
Ezezko horien aurrean, eta Pinosolo aukera bakar gisa jarrita Udalak, Maritxu Teilagorri Txosna Batzordeak txosnarik eta egitaraurik ez egitea erabaki du. Eta Udala erabaki horren jakinaren gainean dago. Bai baitakite Pinosolo ez dela alternatiba onargarria, ez Udalarentzat, ezta txosna-gunearentzat ere.
Egoera honen aurrean, urteroko txosna-gunearen egokitzen saiatuko omen da udala, txosnak bertan jartzeko. Lehen balio ez zuen gunea, orain, ez dakigun zein konponketak eginda, baliagarria bilakatuko da gunea. Inprobisazioa nagusi gure herriko Udalaren aldetik.
Beste behin, argi geratzen da Udalaren ikusmoldea: Sanjoanetan Udalaren programazioak du lehentasun osoa, gainontzekoa bazter utzita, leku duina eskaini eta udalarekin batera elkarlanean jai-egitarau indartsuagoa bilatu baino, zokoratuta utziz beste behin ere txosna-gunea. Oraingoan ere, Udalak bere erabilerarako nahi ez dituen espazio eta guneak herriko taldeei eskainiz, hots, beraientzat erabilgarri ez dena, herri ekimen eta mugimenduarentzat aukera bakar bilakatuz.