Isusko Arias Askartzako entrenatzailearen arabera, bertoko emakumeak faboritoetakoak dira Leioako igoera-fasean, "printzipioz, lehiaketa antolatu baitute". Gainera, Euskal Herriko 1. Maialko Liga irabazi berri dute leioaztarrek, WP 9802, Leioa Waterpolo B eta Eibarko Urbat taldeen aurretik. Halere, Askartzatik nabarmendu dute talde denek antzeko ibilbidea egin dutela orain artean: partida gutxi galdu eta joko ona erakutsi dute. Hala, "lehia handia" espero dute. Askartzaren arerioak honakoak izango dira: WP 9802 (Nafarroa), Castelló eta Turia (Valentzia), Marbella eta Chiclana (Andaluzia), Campus Esport (Balear Irlar) eta EWZ (Aragoi).
Zortzi taldeak multzo bitan banatuko dira, partida bakarreko ligaxkak jokatzeko. Hala, Askartzak talde nafarraren, Turiaren eta Chiclanaren aurka jokatuko du, B multzoan. Multzo bakoitzeko lehenengo bi taldeek finalerdia jokatuko dute eta euren arteko irabazleak finalean izango dute norgehiagoka. Igoera-faseko txapeldunak Estatuko Lehenengo Mailara sartuko da; liga hori Iberdrola Ohorezko Ligaren azpitik dago.
Leioa Waterpolo B
Beste talde leioaztarra, Leioa Waterpolo B, ahaleginduko da Sakonetako klubeko talde nagusiak 2011n lortutako igoera errepikatzea. Halere, Leioa Waterpolo talde seniorrak hirugarren saiakeran lortu zuen, 2008an eta 2009an proba egin ondoren. Alcorcónen, B multzoa egokitu zaio Leioa Bri; arerio izango ditu Alcorcón Madrilgo Komunitateko txapelduna, Cartagenako Carthago Murtziako irabazlea eta Pontevedra Galiziako garailea. Carthagoren aurka estrenatuko dira gaur leioaztarrak, 19:20an. Emakume leioaztarrek talde oso gaztea osatzen dute: jokalari senior bakarra dute. Beragaz batera, lau gazte, kadete eta ume daude taldean. Hala, euren helburua da oso maila altuko taldeakaz berdinetik berdinera jokatzea eta sailkapen ona egitea, igotzeko presioa izan barik, bertan Leioa Waterpoloko talde nagusia daborduko dagoelako.
Madrilera bidaiatu den taldea honakoa da: Maider Sobera, Ainhoa Argarate, Naia Fernández, Iris Bartolomé, Dafne Bartolomé, Andrea Pedraja, Ane Arana, Maider Ramos, Garazi Capel, Ixone Alonso, Erika López-Pastor, Haizea Expósito eta Naroa Apraiz. TEknikoak, berriz, honako hauek dira: Gorka Sánchez, Jon López eta Ane Basauri.
Leioako egitaraua
Maiatzak 4, barikua
16:00 Batzar teknikoa
17:30 Campus Esport vs Marbella
18:40 Castelló vs EWZ
19:50 WP 9802 vs Chiclana
21:00 Claret Askartza vs Turia
Maiatzak 5, zapatua
12:30 Castelló vs Marbella
13:40 Campus Esport vs EWZ
14:50 WP 9802 vs Turia
16:00 Claret Askartza vs Chiclana
18:00 Campus Esport vs Castelló
19:00 Marbella vs EWZ
20:00 Chiclana vs Turia
21:00 WP 9802 vs Claret Askartza
Maiatzak 6, domeka
09:00 Kontsolamenduko lehenengo finalerdia
10:00 Kontsolamenduko bigarren finalerdia
11:00 A taldeko bigarrena vs B taldeko irabazlea
12:00 A taldeko irabazlea vs B taldeko bigarrena
14:00 Zazpigarren eta zortzigarren postuak erabakitzeko partidua
15:00 Bosgarren eta seigarren postuak erabakitzeko partidua
16:00 Hirugarren eta Laugarren postuak erabakitzeko partidua
17:00 Finala
Alcorcóngo egitaraua
Maiatzak 4, barikua
19:20 Leioa B vs Carthago
Maiatzak 5, zapatua
12:20 Leioa B vs Pontevedra
19:30 Leioa B vs Alcorcón