Mugikortasunari eta bizi-kalitateari buruzko jardunaldiak, Leioan

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 7a, 12:34
Besteak beste, Avanzadako errepideaz berba egin gura dute.

Hurrengo egunetan, Leioako EH Bilduk mugikortasunaren aurpegi desberdinak ezagutzeko eta leioztarrengan zelan eragiten duten ezagutzeko berbaldiak egingo ditu. Hitzaldiok maiatzaren 8an, 9an eta 10ean izango dira, Errekalde plazan dagoen nagusien etxean; arrastiko 19:00etan hasi eta 21:30 arte iraungo dute.

"Txopoeta-Lamiako, gozamenerako gunea” izenburua ipini diote lehenengo eguneko gaiari. Hala, "Lamiakoko ibarra: natura-ondare gisa babestu" goiburuagaz daukan emango diete hasiera jardunaldiei maiatzaren 9an, eguaztenean; Urtzi Goitiak (EHUren irakaslea, Kolore Guztietako Basoak elkarteko kidea eta Lamiakoko Ibarraren defentsarako plataforman kolaboratzailea) berba egingo du. "Lamiakoko ibarrak egun bizi duen egoera azalduko digu, honek dituen arrisku eta aukerak mahai gainera ekarriz eta honen biziberritzerako bideak zein diren eztabaidatzeko gakoak emanez", azaldu dute antolatzaileek. Horren ostean, Gaizka Zuazo paisajistak hartuko du hitza,  LASUMAren bazkide sortzaile eta Kunsthal diseinu-zentroaren zuzendari denak. Txopoetako auzokidea den Zuazok Lamiakoko ibarra eta Gobela erreka ondare naturalean zelan integra daitezkeen azalduko du, eta hauen ezagutza eta erabilera bultzatzeko egin beharko liratekeen interbentzioak zeintzuk diren azalduko ditu. Lamiako eta Txopoetari eskainitako egun horri bukaera emateko, César Montalbán Biziz bizi elkarteko kideak Bilbao eta Getxo batuko duen bidegorri-proiektuaren egungo egoera zein den kontatuko du.

Sabino Arana kalea

Maiatzaren 10ean, eguenean, "Sabino Arana peatonalizatu eta gero, zer?" izenburua daukan egunari ekingo zaio: mugikortasunaren azterketa espazio publikoak berreskuratzeko aukera gisa aztertuko dute. "Adin, genero eta baldintza denetako oinezkoen beharrizanak zelan ase ikusiko dugu; oinezkoen bideak garraio publikoentzako bideekin zelan integratu edo trafikoaren lasaitasuna zelan garatu ere aztertuko da, norabide berean kokatuz  gogoeta guztiak; hots, zelan lortu Leioa pertsonentzako leku erosoa bilakatzea", azaldu dute Leioako EH Bildukoek. Hasierako hitzaldia Iruñeako Udalean Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotzia eta Iruñeko Mugikortasun Planen Koordinatzailea den Joxe Abaurreak emango du. Iruñeako Udalak abian ipinitako adikortasun-planaren esperientzia eta garapena azalduko ditu.

Ondoren, mahai-ingurua egongo da: bertan, Ander Gortazar arkitektoak eta hirigintzan doktoratuak mugikortasun eredu jasangarriek ibilgailu pribatuen aurrean beraien lehiakortasuna zelan hobetu aztertuko du; eta Gasteizko Udaleko EH Bilduko zinegotzia den Felix Gonzalezek autobus azkarrak tranbiaren aurrean dauzkan abantaila eta desabantailak alderatuko ditu, eta zergatik den bitarteko jasangarri eta eraginkorra mugikortasun eskubidea modu ahalik eta unibertsalenean bermatu ahal izateko.

Avanzada

Azkenik, maiatzaren 11n, barikuan, "Avanzadaren zarata eta kutsadura: bete mugikortasun eredu baterako gakoak" goiburuagaz, Avanzada errepideak Leioako biztanleengan dauzkan eraginak aztertuko dituzte, jardunaldiei bukaera emateko.

Medikua eta kutsadura atmosferikoak herritarren osasunean dituen eraginen inguruko aditua den Mario Fernándezek errepide-trafikoak sortzen dituen agente kutsatzaileen motetan eta osasunean dituzten ondorioetan zentratuko du bere berbaldia, bereziki umezaroari eta patologia kronikoak dituztenei erreparatuz. Jarraian, mahai-ingurua egingo dute. Horretan, Aintzane del Rio Peredak parte hartuko du. Hirigintza arloan espezializatutako arkitektoa da; arlo horretan eta eraikuntza kolaboratiboan lan-esperientzia dauka. Bilbo Metropolitanoaren Lurralde Plan Partzialaren erredakzio taldeko kidea ere izan da. Mugikortasun modu orokorrak genero ikuspegitik aztertuko ditu Del Riok; era berean, plangintzaren balizko gaitasun eraldatzailearen gaia jorratuko du. Beraregaz batera, David Hoyos EHUko Ekonomia doktore europarrak parte hartuko du, mahai-inguruan. Garapenaren Ekonomia Masterra (Erresuma Batuko Manchesterreko Unibertsitatean), Ekonomia eta Enpresa zientzietan lizentziaduna eta EHUren Ingurumen Ekonomia Unitateko ikertzailea denak garraioaren modalitateen azterketa ikuspuntu ekonomikotik jorratuko du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun