Ostegunean, hilaren 10ean, Leioako campuseko Liburutegiaren parean eta Donostiako ikasgelategian deitu dituzte mobilizazioak, goizeko 11:30ean. Lizentziatu eta graduatuentzat lan-baldintza duinak eskatuko dute; era berean, EHUko ikertzaileei horiek ukatzen dizkien Nekane Balluerka EHUko errektorearen "zinismoa salatzea" dute xede.
Esku-artean dauzkaten tesiez gain, beste hainbat ikerketatan kolaboratu zein irakaskuntzan parte hartzen duten hirurehundik gora ikertzailek lan egiten dute EHUn, unibertsitate bereko ikerlarien asanbladak emandako datuen arabera. Ikerlari horiek, aipatu lanak aurrera eramateaz gain, hamaika kongresu eta mintegitan euskal unibertsitate publikoaren izena munduan zehar zabaltzen ere jarduten dutela azaldu dute. Alabaina, beste lan-kategoria batzuk dituztenen lanaldi eta ikerketa-lan berbera egin arren, horiekin alderatuta baldintza prekarioak dituztela salatu dute, “ordainsarietan %44ko aldea izateraino”.
Iaz unibertsitatearen hainbat campusetan eta espainiar estatu osoan zehar mobilizatu zen kolektiboa, gerora lehengoratutako kontratu-aldaketa baten aurka. Asanbladak anbiguetate juridikoak eta hutsune legalak daudela salatu du, unibertsitateak euren lan-eskubideak ahultzeko baliatzen dituenak, bereziki soldatari eta kontratua amaitzeagatiko kalte-ordainari dagokionean.
Lan-sari eta lan-baldintzei dagokienez ondorio kaltegarri agerikoak dakartzan prestakuntza-kontratu batekin zokoratu nahi dituztela salatu du asanbladak. Horien hitzetan, "errektorearentzat eskandalukoa da lizentziatuek eta graduatuek 1.000 eurotik behera kobratzea, ez ordea EHUko ikertzaileek 909 euroko soldata izatea". Eta gehitu dute atentzioa ematen diela Nekane Balluerkak, "hauteskunde-kanpainan esandakoaren arabera sentsibilitate eta kolektibo desberdinen integratzaile behar zuenak", EHUko ikertzaileen duintasuna horrela laidotzen uzteak.
Egiturazkotzat jo duten egoera horren aurrean, EHU berriro has dadin kontratua amaitzeagatiko kalte-ordainak ordaintzen eskatu dute ere, dauzkaten kontratuek hala dioten arren, euren jarduna ez baita prestakuntzakoa. Gainera, beste unibertsitate batzuetan kalte-ordaina ordaintzen jarraitu dutela badakitela adierazi dute.
Errektoreari eta bere taldeari hartu dituzten erabakiek euren lan-eskubideak kaltetzen dituztela adierazi, eta eskubideok errespeta ditzaten eta egoerari konponbide bat eman diezaioten exijituko dute osteguneko mobilizazioetan.
Argiak argitaratutako artikulua, CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.