Leioako Udalak zabaldutakoaren arabera, udal-arduradunek zenbait batzar izan dituzte Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoagaz, Lamiakoko hondakin-uren araztegiko proiektua lantzeko. "Elkarlan horren emaitza" jakinarazi die Bizkaiko ur-erakundeak: "HUAren proiektua baztertu da". Horren ordez, ekingo diote Lamiakoko ponpaketa-estazioko ekaitzetarako andela handitzeari. Horregaz batera, beste instalazio bat ipiniko dute, euria dagoenean estuariora igortzen den ur-emariak tratatzeko. Hau da, euririk ez dagoenean hondakin-urak Galindoko HUAn tratatuko dira, orain egiten den moduan.
Udalak iragarri du datozen egunotan esleituko direla proiektu hori bideratzeko idazketa-lanak. Modu berean, argitu du proiektu berriak araztegiak izango lukeen azaleraren herena besterik ez duela izango, "horrek eragingo dituen afekzio fisiko eta bisualak biziki gutxitzen".
Itsasadarra, auto barik
Horregaz batera, Leioako Udalak jakinarazi du Bilboko Portu Agintaritzak Leioako Felipe del Rio errepidea Udalaren esku utziko duela, "laster". Errepide horrek Lamiakoko kaia inguratzen du; Udalak berak eskatu zuen esku-aldaketa. Hala, esku-hartze horrek emango dio aukera Udalari itsasadarreko errepidea ixteko, tranbiaren kotxe-lekutik Lamiakoko gune industrialeko lehenengo erakinetara. Tarte hori oinezko gunea izan dadin gura du Udalak, etorkizunean Areeta eta Bilbo arteko bidegorria ipintzea errazteko asmoz.
Udalak zabaldu duenez, esku-hartze horiek aintzat hartzen dabiltza gaur egun lantzen duen paisaiaren ekintza-planaren barruan. Ekintza-plan horren helburua da dartsenako gunearen ingurumen-eraldaketa egiterakoan kontuan izan beharreko ekintzak edota paisai-irizpideak ezartzea.