Mendibile Jauregiaz baliatzea ez zaio doan ateratzen Udalari

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 10a, 12:00
© MENDIBILE JAUREGIA

Bertan ekitaldiak egiteko, alokairua ordaindu behar izaten du Udalak. Leioako EH Bilduk salatu duenez, "publikoa izan arren, ez du erabilera publikorik". Hala, gaztetxe-ohia "herritarrentzat berreskuratzea" eskatu dute.

Apirilaren 26an egin zuten hileko osoko bilkuran, Mendibile Jauregiari buruz galdetu zion EH Bilduk Leioako Udalari; izan ere, alderdi ezkertiarraren bozeroalea den Aritz Tellituk kritikatutakoaren arabera, eraikina aipatutako administrazio publikoarena izan arren, "horrek ez du erabilera publikorik eta, Udalak erabiltzen duenean, alokairua ordaindu behar izaten du".

Are gehiago, Mendibile Jauregiko inbertsioak ere leioaztar denek ordaindu behar izaten dituzte. Hori frogatzeko, 2018ko 847 zenbakiko dekretua mahai-gaineratu zuen Tellituk; horren arabera, ia 4.000 euro ipini zituen Udalak, jauregian konponketa-lanak egiteko.

Leioako EH Bilduren bozeroaleak gogoratu zuenez, Mendibile Jauregia gaztetxea izan zen hiru urte luzez, eta udalerriko gazteen topaleku bihurtu zen garai horretan. "Baina EAJk argi zeukan, eta Mendibileren utzaraztea agindu zuen, Udalak jauregia ekintza kulturalentzako erabiliko zuela argudiatuz", adierazi zuen hautetsiak. Horrek mobilizazioak ekarri zituen, eta horien artean oihu ozen bat entzun zen: "Mendibile zertarako? Zuen patrikak betetzeko!". "Eta denborak Leioako gazteriari arrazoia eman dio. Udalak Bizkaiko Txakolina elkarteagaz txakolinaren etxe bihurtu du jauregia, negoziorako txoko. Gaur egun, Mendibilek ez dauka kulturarik... eta gutxi batzuen negozioa ezagutzera emateko baino ez da erabili.... herrian eragin soziokultural txikia izanik", deitoratu zuen EH Bildukoak.

Ondorio zuzenak leioaztarrentzat

Mendibile gaztetxea 2000 urtean itxi zuen Leioako Udalak eta 2007ko martxoaren 30ean ireki zuen Mendibile Jauregia; Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen ekimenez, Mendibile Jauregia elkartea sortu zuten. Bada, EH Bilduren ustez, izenpetutako hitzarmenak "ondorio zuzenak" dauzka leioaztarrengan: "batetik, Mendibile Jauregiari ezin diogu erabilera herritarra eman. Bestalde, Udalak ez du honen erabilera baliatzen. Eta azkenik, Udalak erabili behar duenean alokairua ordaindu behar du". Hori dela eta, egungo hitzarmena bertan behera uztea eta Mendibile "herriarentzat berreskuratzea" eskatu zuen Tellituk, udal-batzarrean; "elkarteentzako etxe" bihurtu gura dute.

Esnatu Leioak ere EH Bilduk egindako salaketagaz bat egin du. Alderdi horren bozeroalea den Ruben Belandiaren berbetan, "Mendibile jauregia Leioako herriaren ondarea da, eta Leioako herriaren onerako erabili beharko litzateke". Gaineratu duenez, "Gobernu Taldeak nahiago izan du kanpoko erakunde baten egoitza izatea; txakolinaren etxea izateak ez du eragin handirik izan gure udalerriarentzat eta ez du sinergiarik sortu". Hain zuzen ere, Udal Gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk ez dute adierazpenik egin gai honen gainean; PPk ere ez du iritzirik eman.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun